Ospitaleetan gaixoei botiken zati bat kobratzeko neurria bertan behera uzteko eskatu dio Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroari.
"Justifikatu gabeko neurri bidegabea da, eritasun kroniko larriak dituzten pertsonak zigortuko baititu", adierazi du Darponek: "Ezin da pertsonen osasunarekin jolastu".
Osakidetzaren 4.000 erabiltzaileri eragingo lieke ospitaleetako botiken berrordainketak. Onkologiako erabiltzaileak eta hepatitis kronikoak, erreumak eta artritisak, psoriasia eta asma larriak dituzten pertsonak leudeke talde horretan.
Ministroak iritziz aldatu eta neurria atzera botako duen "konfiantza" du Darponek, gaur prentsaurrekoan azaldu duenez. Atzo hitz egin zuen ministroarekin, telefonoz.
Urriaren 1ean sartu behar du indarrean, berez, ospitaleetako botikak kobratzen hasteko neurriak. Jaurlaritzak esana du ez duela ezarriko, eta auzitara joko duela.
Ana Mato ministroak atzera egingo ez balu, Madrilen neurri horri helegitea jarriko dio Jaurlaritzak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzo iragarri, eta Darponek berretsi egin du helegitea jartzeko asmoa.
Helegitea jartzeko prozedura azaldu du Darponek: neurria aldizkari ofizialean argitaratzen bada, gora jotzeko helegitea jarriko du Jaurlaritzak; hori atzera botaz gero, administrazioarekiko auzibidea hasiko du.
Nafarroako Gobernuak ez du helegiterik jarriko Matoren neurriaren aurka, baina ez dagoela batere ados jakinarazi du gaur.
Rajoyren gobernuak "berriro pentsatu behar du", Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuaren eledunaren esanetan.
"Neurri honek ekarriko duen aurrezpena ezdeusa da, sortuko duen kaltearekin alderatuta", Sanchez de Muniainen esanetan.
Nafarroako Gobernuak ezin duela legearen aurka egin, baina "konponbide alternatiboak" egon daitezkeela erantsi du. Adibide bezala aipatu du egoera irregularrean dauden etorkinei osasun zerbitzuengatik ematen ari diren laguntzak.
Jaurlaritzaren eskumenak
PPren gobernuak eztabaidatu eta hausnartu gabe hartu du erabakia, Darponen esanetan. Gainera, botika hauen berrordainketa ezartzeko Ana Matok oinarri hartu duen dekretua auzitan dagoela gogorarazi du.
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zion dekretu hari, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oraindik ez du ebazpenik eman. Helegitean, eskumenak urratzea egotzi zion Jaurlaritzak Madrili.
Ospitaletako botiken berrordainketa ezartzea, beraz, aurreko dekretu hark bezala, Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituela adierazi du Darponek.
Gainera, neurri berria Osakidetzaren "ekitate printzipioaren aurkakoa" dela adierazi du Darponek, eragin "arbitrarioak" izango dituela uste baitu.
"Patologia bera pairatu arren, pertsona batzuei eragingo die, eta beste batzuei ez; tratamenduaren arabera gertatuko da hori, ebazpenean sendagai batzuk jasota baitaude, eta beste batzuk ez", zehaztu du Darponek.
EAJren Eusko Legebiltzarreko taldeak, berriz, legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur, Espainiako Gobernuari eskatuz atzera egiteko neurri horrekin.
"Fronte bateratua"
Erabiltzaileen erakunde, sindikatu, profesional eta alderdi politikoen "fronte bateratua" egiteko proposatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, "inposaketa injustuei aurre egiteko". Rebeka Ubera parlamentariak Darponi eskatu dio Madrilekiko duen "ohiko epeltasuna" ez baliatzeko, eta bermeak emateko berrordainketa ez aplikatzeko.
Anatza Quiroga EAEko PPren presidentearentzat, berriz, neurria "konplexua da, baina aplikatu beharrekoa", eta Jaurlaritzaren jarrera burrunba besterik ez dela uste du. "Itxurak egiten ari da" hartu duen jarrerarekin.