Gaixoak beren herritik Iruñeko Ospitalera eramaten dituzten autobus zerbitzuak ordaintzen jarraitu behar luke Nafarroako Gobernuak. Hala uste dute gaixoak garraiatzen dituzten Gurutze Gorriko kideek. Atzo Nafarroako Parlamentuko Osasun batzordean hitz egin zuten, eta mezu argia utzi zieten parlamentariei: askorentzat, osasun zerbitzua hartzeko bide bakarra da autobusa erabiltzea; eta gaixoentzat, onuragarria da bidaia elkarrekin egitea. Lizarrako autobusa kendu egin du gobernuak, eta Tuterakoa kentzea aztertzen ari da. Autobus zerbitzu guztiei eustearen alde egin dute Gurutze Gorriko kideek: «Erabiltzaile bakar bat izango balute ere, gobernuak ordaindu egin beharko lituzke».
Nafarroa Bai koalizioak eskatuta, parlamentuan izan ziren, atzo, Jose Antonio Arandigoien eta Rafa Huarte. Erietxeen arteko autobus zerbitzua kudeatzeaz arduratzen dira Arandigoien eta Huarte. Zerbitzua 2009an hasi zuten, gobernuaren laguntzarekin. Urteotan 736 erabiltzailek izena eman dute autobus zerbitzuan. Lizarrakoak leku gehiago izan du, ez da inoiz leku faltarik izan, eta autobus txikiago batekin ere ondo moldatuko liratekeela zehaztu dute Gurutze Gorriko kideek. Kendutako zerbitzuaren autobusak 22 lagunentzako lekua zuen; hamabi bat lekuko autobusa aski litzatekeela uste dute. Tuterako autobusaren zerbitzuan, berriz, gero eta erabiltzaile gehiago ari dira izena ematen, eta zenbait herritar lekurik gabe gelditu izan dira.
NaBaik adierazi du erietxeetarako autobus zerbitzuari eutsi egin behar zaiola, berrantolatuta bada ere. 90.000 euro aurrezteagatik zerbitzuaren kalitateari ezin zaiola eragin ohartarazi du Bilduk, eta ontzat jo du zerbitzua bere hartan eustea. PSNk autobus zerbitzuaren alde egin du, baina zerbitzu hobea eman dezakeela zehaztu du, aldaketa batzuk eginda. PPNk eta Ezkerrak ere zerbitzuaren alde egin dute. Nafarroako gaixo guztiek arreta bera jasotzen dutela erantzun du UPNk, ez dela ezberdintasunik egiten.
Erietxeetarako autobus zerbitzu guztiak eusteko eskaera egin du Gurutze Gorriak
Nafarroako Gobernuak zerbitzua ordaintzen jarraitu behar lukeela uste dute gaixoekin lan egiten dutenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu