Erizainen aurkako erasoak gero eta maizago gertatzen direla salatu du SATSE erizainen sindikatuak. Azken urteetan ari dira kanpainak egiten osasun etxeetako langileenganako erasoen aurka, baina neurri gehiago eskatu ditu SATSEk; besteak beste, zigor handiagoak jartzea erasotzaileei.
Osasun alorrean egiten dituzten erasoen aurkako eguna da gaur. Horren harira kaleratutako agirian, sindikatuak ahalegina egiteko eskatu die herritar guztiei, egoera okertzen ari delakoan. «Egunero bada erabiltzaileren bat, osasun sistemarekin pozik ez, eta langileei eraso egiten diena; bereziki erizainei, haiek aritzen baitira gaixoengandik eta haien senideengandik hurbilen». SATSEk gogorarazi du langileek jasaten dituztela osasun zerbitzuaren gabezien ondorioak, eta erasoak ez direla bidezko. «Erasoa inoiz ez da konponbidea». Horiek salatzeko eskatu diete osasun langileei eta erabiltzaileei.
Eta salaketa horiek eragina izatea galdegin diete erakundeei. Erasotzaileak zigortzeko eskatu diete, eta jartzeko martxan horrelakoak saihesteko eta erasoa jasan dutenei egoki kasu egiteko protokoloak. «Ez dute tolerantziarik izan behar lagundu nahi dietenei mehatxu egiten dietenekiko».
Nafarroan, oposizioen harian
«Aurpegia garbitzen» saiatzea egotzi dio LABek Nafarroako Gobernuari, erizainetarako oposizioetan euskara ez baloratuta egindako hutsaren ondoren hartutako jarreragatik: merituen baremoa aldatzeko asmoa azaldu du Osasunbideak.
2008ko oposizioekin bueltaka ari dira oraindik ere Nafarroan. Euskararen ezagutza aintzat hartu gabe ebaluatu zituzten hautagaiak, eta hori legez kanpoko jo zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Berriro egin behar izan zuen balorazioa, ordukoan euskara kontuan hartuta. LABek salatu du Osasunbidean sartzeko eta lekuz aldatzeko eskatzeko baremoak aldatu nahi dituztela orain, eta ikastaroak egitera «behartu» postua lortu edo lekuz aldatu nahi dutenak. Sindikatuak dio Osasunbideak hartu beharko lukeela bere gain langileen heziketa. «Ez da bidezkoa norberaren ahalmen ekonomikoen araberakoa izatea».
Heziketa eta lekuz aldatzea eskubideak direla gogorarazi du LABek, eta hori bermatzeko betebeharra duela Osasunbideak: «Baldintza berdinetan heziketa jasotzeko aukera bermatu behar du, horrekin lan kopurua eta haren kalitatea hobetzeko eta langileen motibazioa indartzeko».
Sindikatuak adierazi du badirela oraindik bete gabeko lanpostu batzuk. Osasunbideak mahai sektorialean jakinarazi du hauteskundeen ondoren jarriko duela martxan horiek emateko prozesua. Osasun zerbitzuetako langileak lekuz aldatzeko deialdi berezia datorren hilean egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak.
Erizainei maizago erasotzen dietela esan du SATSEk
Erasotzaileak zigortzeko eta erasoa jasan dutenei arreta egokia emateko eskatu die erizainen sindikatuak erakundeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu