2015. urtea esperotakoa baino hobea izan zen, hala esan du Javier Goienetxea Erkide kooperatiben federazioko lehendakariak. Datuak mahai gainean jarri ditu, eta positiboak izan dira, federazioa osatzen duten 979 kooperatiben fakturazioak %6,5 egin zuelako gora, ia 7.000 milioi euroraino iritsiz. Federaziora, gainera, 51 kooperatiba berri sartu dira, eta kontsumo kooperatiben saila sortu dute zortzi enpresarekin. Horien artean legoke Eroski, eta, horregatik, joan den urtean Erkideren barneko kooperatiben langile kopurua handitu egin da. 34.261 behargin gehiago zeuden iaz 2014. urtearekin alderatuz gero, baina horietatik 33.967 kotsumo kooperatibetatik etorri dira.
Urte hau ere positiboa izatea aurreikusten du Erkidek, eta, besteak beste, 1.500 lanpostu berri sortzea espero dute. Eta betetzeko zantzua daukala dirudi, lehen bost hilabete hauetan 956 enplegu sortu direlako. Horrez gain, 50 kooperatiba berri sortu eta federazioko kide izatea espero dute, eta, horrela, 1.000 enpresatik gorako federazioa izango litzateke Erkide, “Euskadiko enpresa elkarte handiena”, Agustin Mendiola zuzendariak azaldu duenez.