Espainiako Poliziak Iñaki Olalde, Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña ezker abertzaleko kideak atxilotu zituen atzo, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, eta haiek atxilotuta segitzen dute. Inkomunikatuta dituzte, Madrilen.
Gainera, Tasio Erkiziaren, Marine Pueyoren eta Miren Legorbururen etxeak miatu zituzten, besteak beste, eta gaur Erkiziak bilbon prentsaurrekoan oharrarazi du ezker abertzaleak jendaurreko lana egiten jarraituko duela. "Baten batek uste badu errepresioa basati honekin ezker abertzalea klandestinitatera pasatuko dela, oso oker dago. Lan politiko handiagoa egingo dugu".
Espainiako Estatuaren izaera "faxista eta totalitarioa" dela deritzo Erkiziak, "arrazoiaren faltan indarra erabiltzen baitu". Espainiako Gobernuak Lizarra-Garaziko aroa "itxi" nahi du, haren aburuz. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren isiltasuna ere kritikatu du.
Halako egoerak gainditzeko "benetako aldaketa" behar dela uste du ezker abertzaleko kideak, eta D3M plataformak hurrengo hauteskundeetarako hautagaitza aurkezteko jendeari dei egin dio sinatzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako gutxi falta dela egin dute operazioa, eta Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkarteko bultzatzaileak dira eraman zituzten batzuk. Operazioa goizaldeko ordu txikietan izan bazen ere, hainbat kamera atxiloketak izan ziren tokietan zeuden, irudiak hartzen.
Garzonek Arantza Zulueta abokatuari aitortu zion operazioa D3M plataformarekin lotuta dagoela. Aldiz, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esan zuen "Batasuna berrantolatzea" eragotzi nahi dutela. "ETAren laguntzaile" jo ditu.
Atxiloketak
Erkizia: "Ezker abertzalea ez da pasatuko klandestinitatera"
Iñaki Olalde, Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña Madrilen dauzkate, inkomunikatuta. Atzo atxilotu zituen Espainiako Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu