EUSKAL HERRIA

Erkiziak adierazi du Argala laguna zuelako hartu zuela parte haren omenaldian

Auzitegi Nazionalean deklaratu du ezker abertzaleko kideak, ETA goratzea leporatuta, eta 2008an Arrigorriagan egin zen omenaldia beretzat ez zela ETAko kide bati egiten zitzaion omenaldia esan du. Ezker abertzalearen estrategia politiko berriaren defentsa egin zuela esan du.

2011ko martxoaren 4a
19:28
Entzun

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak gaur Auzitegi Nazionalean deklaratu duenez, 2008ko abenduren 21ean Arrigorriagan (BIzkaia) Jose Migel Beñaran Argala-ri egin zitzaion omenaldia ez zen berarentzat ETAko kide bati egiten zitzaion omenaldia, baizik eta Deustoko Unibertsitatean ezagutu zuen lagun bati egiten ziotena. Ekitaldi horretan ETA goratzeagatik urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltak Erkiziarentzat, eta bi urtekoa Dignidad y Justiciak. Azken horren abokatuaren galderak ez ditu erantzun. 

Erkiziak Javier Gomez Bermudez epailearen aurrean azaldu duenez, ekitaldiko antolatzaileak baimen guztiak zituztela esan zioten, eta une politikoaren analisi bat egitera joan zela. "Oso gazte nintzela ezagutu nuen Argala Deustoko Unibertsitateko talde dinamika ikastaro batean. Estimut handitan nuen, eta orain ere bai. Han utzi nuen lorea ez nion ETAki kide batzi utzi, urte askoz ere lehenago ezagutu nuen lagunaren oroimenez utzi nuen", esan du Erkiziak, eta unibertsitatetik atera ondoren gehiago ez zuela ikusi gaineratu du.

Bide politikoaren aldeko apustua egin zuela azaldu du

Estatuari min gehien egiten zion bidea erabili behar zuela esan zuenean, bide politikoaz ari zela argitu du Erkiziak gaur, eta ez borroka armatuaz. Ezker abertzalea behin eta berriz "hausnarketa sakona egitera" deitu zuela azaldu du, "Euskal Herriaren etorkizuna ondoen bermatzen duen bidetik, bide politikotik". "Estatuari min gehien egiten diona alternatiba politikoak eskaintzeko daukagun gaitasuna da", adierazi du, eta horren aurrean polikaren eta argudioen mailan "Estatua oso ahula" dela esan du, "eta indartsu, errepresioan".

Deklarazioan "Gora Argala" oihukatu zuenik edo ekitaldian Argalaren argazki handi bat zegoenik ez duela gogoratzen esan du, baina garbi utzi du ez zuela "Gora ETA militarra" oihukatu. Bide batez, biktimak mespretxatzeko asmorik zuenik ere ukatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.