Erkorekak zoriondu egin du giza katearen antolatzaile Gure Esku Dago dinamika. 150.000 lagun baino gehiago izan ziren mobilizazioan, Durango-Iruñea arteko 123 kilometroko katean.
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "Euskadin gatazka politiko bat" dagoela, eta horrek "guztien artean" adostutako irtenbide bat aurkitzea eskatzen duela. EAEko gobernuak elkarrizketaren alde segituko du, haren esanetan, eta elkarguneak eraikitzeko Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea lehenetsiko du. "Erabaki, elkarrekin, etorkizuna" dira kolektiboki aurrera egiteko hiru hitzak, Erkorekak esan duenez.
Jaurlaritzaren gobernu bileraren ondoren egin ditu adierazpenok Erkorekak, Gasteizen.
Itxaso Atutxa EAJko BBBko lehendakariak ere esan du giza katea arrakastatsua izan zela, eta gaineratu du EAJk erabakitzeko eskubidearen eskaerari jarraipena emateko asmoa EAEko autogobernu lantaldean. "Ponentzia da Euskadiren etorkizuna eztabaidatzeko gune instituzionala. Igandekoa herri ekimena izan zen, indartsua, baina isla eta bultzada beharko du Eusko Legebiltzarrean garatu beharko diren lege eta ekimenetan. Herri honetako gehiengo handi batek erabakitzeko eskubidea eskatu du, erabakitzeko subjektu izan nahi du eta horrek zer pentsatua eman behar die alderdi politikoei, gehiengoaren nahi eta borondate honi euskarri juridikoa emateko. Eta gure borondatea da ponentziaren barruan hori lortzeko lana egitea; hori bai, ahal den adostasun mailarik zabalena lortzeko helburuarekin”, adierazi du Atutxak ETBn.