EUSKARA

Erkoreka: "Urkijo oztopo bat da euskararen erabilera normalizatuarentzat"

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "bere eskumen gaitasunen gainetik" jardun duela kritikatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu zuten Iruñean, 'Gure Lingua Navarrorum, Euskaraz Bizi Nahi dugu' lelopeko manifestazioan, iaz. OIARTSO LOS ARCOS / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 13a
09:55
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan galdetu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariak "euskararen erabileraren kontra abiatutako kanpainaren" inguruan. Koalizioko legebiltzarkide Xabier Isasik gogorarazi du Urkijok 500 salaketa inguru aurkeztu dituela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioen kontra, eta salatu haren "jukutria eta gaiztakerien" ondorioz, euskararen erabileraren normalizazioa bera “arriskuan” dagoela.

Isasik Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio ez diezaiola Urkijori Jaurlaritzaren gainetik agintzen utzi: "Defendatu zure eskumenak eta betebeharrak, ez utzi Madrilgo Gobernuari Jaurlaritzaren eta lehendakariaren eskuduntzak erasotzen eta murrizten".

Erkorekak erantzun dio Urkijo "oztopo" dela euskararen normalizazioan, eta salatu du "bere eskumen ahalmenen gainetik" jardun duela Espainiako Gobernuko ordezkariak. Hala ere, Jaurlaritzak "egin zazkeen guztia" egin du, Erkorekaren esanetan: udalerriei aholku eta defentsa juridikoa eskaini.

Ikurrinaz "akordio zabala"

Urkijoren jardunaren beste atal bati ere egin dio kritika EH Bilduk. Mungiako koalizioko zinegotzi Unai Ziarretak EAJri "akordio zabal" bat proposatu dio erakunde publikoetako eraikinetan soilik ikurrina egon dadin.

Dimisioa eman du asteon bertako alkate Izaskun Uriagerekak, Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin baitzuen Mungiako Udalak Espainiako Bandera jartzearen kontra aurkeztutako helegitea. Uriagerekaren jarrera "eredugarria" dela uste du Ziarretak eta babesa adierazi dio, baina uste du EAJk ez duela Uriagereka nahikoa babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.