Espainiako hauteskunde orokorrak

Erkorekak dio EAJk ez duela aldatuko 34 urteotako ildoa

EAJko diputatuak dio «porrot» egingo duela bozetara soilik autodeterminazioaren defentsarekin doanak

Josu Erkoreka, atzo, Bilbon. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetan amaitzear dagoen legealdian «egonkortasunarekin eta Euskadiren autogobernuarekin» engaiatuta egon da EAJ, eta datorren legealdian ere ildo beretik jarraituko du, Josu Erkoreka diputatu jeltzalearen arabera. Ziurtatu duenez, aurrerantzean azken urteetako ildoari jarraituko dio alderdiak, eta ez dunorabide politikoa aldatuko: «Aztoratuta dauden alderdiek eta erakundeetako parte hartzea irregularki planteatzen duten alderdiek ez dute zertan gure ildoa aldatu behar. Guk azken 34 urteotan egin duguna egiten jarraituko dugu». Gaineratu duenez, ildo politikoari ez ezik, egungo diputatu kopuruari ere eusten saiatuko da EAJ —egun sei ordezkari ditu Kongresuan—.

Legealdiaren balantzea egin eta aurrera begirako erronkak finkatu ditu Erkorekak, Sabin Etxean egindako agerraldian. Haren esanetan, datozen lau urteetan ere autogobernuarekin zerikusia dituzten helburuak oinarritzat hartuko dituzte jeltzaleek politikak diseinatu eta beste alderdi batzuekin aliantzak osatzeko orduan. «Autogobernua izango da gure iparra».

EAJko diputatuak gogorarazi du jeltzaleek «birritan» eraman dutela autodeterminazio eskubidearen defentsa Kongresura, baina PPk eta PSOEk uko egin diotela gaia eztabaidatzeari. Ildo horretan, gogorarazi du autodeterminazio eskubidea «aldarrikapen historikotzat» daukala EAJk, baina ez duela beharrezko ikusten egunero aldarrikatzen ibiltzea, «hutsal» bilakatu daitekeelako eskaera.

Hori horrela, ohartarazi du azaroko bozetara soilik autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena daramatzatenek «porrot» egingo dutela. Zuzenean aipatu ez badu ere, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek osatu duten koalizioari zuzendu dio mezua Erkorekak: «Hauteskundeetara autodeterminazio eskubidearekin soilik joan nahi duenak eta urtetan EAJri ukatutakoa hiru hilabetean eskuratu dezakeela uste duenak porrot egingo du».

«Lorpen historikoak»

Horrez gain, azken legegintzaldian EAJk «lorpen historikoak» eskuratu dituela nabarmendu du diputatu jeltzaleak. Besteren artean, Erkorekak azpimarratu du Gernikako Estatutuak azken hogei urteotan izan duen garapena EAJk Madrilen egin duen lanari esker izan dela. Hain justu ere, itun horren garapena bultzatuko dute jeltzaleek datozen urteetan Madrilen, eta «adostasun handiz» egiten saiatuko dira.

Baina, Gernikako Estatutuaren garapena ez ezik, bestelako lorpenak ere egin dituzte jeltzaleek azken lau urteotan, Erkorekaren arabera: Kontzertu Ekonomikoa blindatzea, Foru Aldundiek ECOFIN erakundean parte hartzea eta hemezortzi eskumen Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea aipatu ditu, besteak beste.

Azken urteotan lortutako transferentzien garrantzia azpimarratu nahi izan du Erkorekak, beste ezer baino gehiago. Eta zenbaki multzoa eman du lortutakoaren balioa nabarmentzeko. Bere esanetan, EAJri esker legealdi honetan «1.250 milioi euro lortu dira EAErentzat, hau da, milioi bat euro eguneko, edo 600 euro biztanle bakoitzeko». Jeltzaleek «egonkortasun ekonomikoaren» alde egindako ahaleginari esker eta Espainiako aurrekontu orokorrei emandako babesaren «ordain gisa» eskuratu ditu EAEk lorpen horiek, diputatuaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.