EUSKAL HERRIA

Erkorekak esan du zerga sisteman "asko aurreratu" arren PSEk eta EAJk ez dutela akordiorik

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak argitu du "ehuneko ehunean" ez direla ados jarri zerga politikari buruzko negoziazioan. Rodolfo Aresen esanetan, berriz, akordioa ez da "posible" izango soilik fiskalitatera mugatuz gero.

2013ko uztailaren 29a
14:59
Entzun

Elkarrizketa egin diote Erkorekari Onda Vasca irrati katean. "Ez litzateke zentzuzkoa izango beste zerga eredu baten oinarriak onartzea eta gastuaren alorrean ados jartzeko gai ez izatea", esan du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko aurrekontuei erreferentzia eginez.

Fiskalitatean EAJren eta PSEren arteko akordioa lantzen, "helburu garrantzitsuak lortzen eta egunero-egunero aurrerapausoak egiten" ari direla azaldu du Erkorekak; gaineratu du "asko aurreratu" dutela, baina zehaztu du oraingoz "ehuneko ehunean" ez direla ados jarri.

"Alderdien arteko lan taldeak eratuta daude. Jaurlaritza horietan da, baina ez da protagonista. Asko aurreratu da eta azken emaitza irailean ezagutaraziko da", adierazi du.

Rodolfo Ares PSEko Antolakuntza idazkariak ere esan du "aurrerapauso handiak" egin dituztela bi alderdiek, baina gaineratu du "gai garrantzitsuak" falta direla zehazteke. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, ohartarazi du akordioa ez dela "posible" izango soilik fiskalitatera mugatzen bada.

Kritika EH Bilduri

Erkoreka eta Ares kexu agertu dira EH Bildurekin. "Talde batek esatea oso zaila izango dela adostasunera heltzea, akordioaren nondik norakoak jakinak ez izanda, argi uzten du zein den talde horren asmoa: hasieratik distantzia hartzea, zergatik ez duten bat egiten justifikatzeko", adierazi du Erkorekak.

Halaber, akordioa "adostasun bokazioz" jaioko dela eta "beste alderdiren baten atxikimendua" beharko duela azaldu du Erkorekak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.