Erkorekak ez du baztertzen ezker abertzalea eta EAJ elkarlanean aritzea

Basagoiti: «PPk ez du akordiorik egingo EAJrekin, Batasunari begira ari baitira jeltzaleak»

Josu Erkoreka, atzo, RTVE telebistak egin zion elkarrizketan. RTVE.
Erredakzioa
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
EAJk ez du aldez aurretik baztertzen ezker abertzalearekin hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko akordio bat iristea, Josu Erkorekak atzo aitortu zuenez. EAEko PPko buru Antonio Basagoitik, aldiz, baztertu egin du EAJrekin bozen ostean akordio bat egiteko aukera. Badira egun batzuk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaurrea martxan jarri dela. PPk Eusko Jaurlaritzari babesa kendu zionetik zehazki; ez da harritzekoa, beraz, aukera txikiena dutenean alderdi politikoetako ordezkariak boz horiei begira jartzea.

Ofizialki Patxi Lopezen legegintzaldia heldu den udaberrian amaitzekoa den arren, denek ziurtzat jotzen dute gauzak dauden moduan bozak udazkenera aurreratuko direla, PSE-EEk izan ezik, bakarra baita agintaldia osorik bete arte Jaurlaritzan jarraitzeko aukera ikusten duena.

Eta bozei begira bakarrik ez, bozen osteko balizko aliantzei begira ere jarri dira alderdiak, dagoeneko egin diren inkestek ez baitiote ezein alderdiri gobernatu ahal izateko beharrezko gehiengoa ematen. Erkoreka eta Basagoiti gogoan hori dutela mintzatzen ari dira.

Bozen ostean EAJren eta ezkerreko abertzaleen koalizioaren artean gobernatzeko akordio bat erdiestea «aurretiaz baztertu behar ez den aukera» da Erkorekarentzat. «Beste inon ez, eta Euskadin PP eta PSOE ados jarri baziren, zergatik ez gara ados jarriko ezker abertzalearekin, bat gatozen esparruak baditugu eta?», botazuen Erkorekak Espainiako RTVE telebista katean egin zioten elkarrizketa batean. «Ezin dut ukatu, absurdoa litzateke ukatzea, ezker abertzalearekin akordio bat egiteko aukera», gaineratu zuen. Dena den, azaldu zuen EAJk «fronteak» irekitzerik ez duela nahi, «egungo testuinguru politikoan hori bailitzateke okerrena, aurrez aurreko estrategien hautua egitea, ahalik eta adostasun handienak lortzen saiatu beharrean».

EAJ, «nora ezean»

Antonio Basagoitik berehala erantzun zion Erkorekari. Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, PPk jeltzaleekin bozen ostean itunak egiteko aukera baztertu zuen, «EAJ Batasunari begira jarria baitago». Basagoitiren arabera, bere ustea berresten dute Erkorekaren adierazpenek eta Donostiako Udalean jeltzaleek Bildurekin herenegun egindako akordioak: «Kartak mahai gainean daude. Litekeena da, gainera, EAJ eta ezker abertzalea dagoeneko hizketan aritzea hauteskunde autonomikoen ostean egin behar dutenaz».

Erkorekaren adierazpenak adierazpen eta Basagoitiren susmoak susmo, udal mailatik harago alderdien artean egin den azkeneko akordioa EAJk eta PPk egin dute Eusko Legebiltzarrean; aurrezki kutxetako agintaritza organoen antolakuntzan eta aukeratzeko prozeduran ados jarri ziren bi alderdiak astelehenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.