HEZKUNTZA

Erlijio ikasgaiarekin legea beteko duela iragarri du Uriartek

Elizak antolatutako mintegi batean parte hartu du Hezkuntza sailburuak, eta nabarmendu du “errespetua” izango duela agintaldiko ardatz. Munillak legea betetzeko eskatu dio, eta ikasgai hori “eztabaida politikotik” ateratzea galdegin du. 

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko otsailaren 2a
15:10
Entzun

Irudiak pisu handia izan du gaurko ekitaldian. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak parte hartu du Donostiako Elizbarrutiak antolatutako Erlijio ikasgaiaren onurak hezkuntzan izeneko mintegian. Jose Ignacio Munilla gotzainarekin batera, 200 maisu-maistra inguru bildu dira Miramar jauregian.

Munillak berak egin du sarrerako hitzaldia. Eskoletan erlijioa ikasteak dituen “onurak” hartu ditu hizpide, eta nabarmendu du legeek babesten dutela ikasgai hori. Hartara, legeak betetzeko eskatu die erakundeei, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari. Gogora ekarri du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia: Batxilergoko ordutegian Erlijioari ez zion ordezkorik jarri Jaurlaritzak, eta hori baliogabetu egin zuen auzitegiak. Epaia indarrean ez dute jarri aurtengo ikasturtean, eta “agudo” aritzeko eskatu dio Munillak Uriarteri. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma ere hartu du ahotan. Txalotu egin du Erlijioa “arautu” izana, eta presa sartu dio Madrili: “Atal hori azkartu beharko luke, nahiz eta lege osoa prest ez egon. Oraingo egoera oso-oso kaskarra baita”.

Uriartek hitz batzuk egin ditu, eta “errespetua” hartu du ahotan une oro: “Begirunea eta errespetua izango dira nire ikurretako batzuk”; “Errespetuz eta begirunez, elkarbizitza eta elkarkidetza lor daitezke gizartean”. Bide horretan, Hezkuntza Sailak “balioetan oinarritzen den sistema” sustatuko duela iragarri du.

Erlijio ikasgaiaren matrikulazioak nabarmen egin du behera azken urteetan, eta Elizak “presioei” egotzi die hori. Gaur ere bide horretatik jo du Munillak, eta adierazi du ikasgaia “normalizatzeko garaia” badela. “Erlijio askatasunean dago giltza”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.