ERLIJIOA. JOSE IGNACIO MUNILLAREN IZENDAPENA. Eliza eta besteok

inaki petxarroman
2010eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Jose Ignacio Munillaren izendapenak garrantzi apaleko albistea izan beharko luke, aniztasun erlijiosoaren barruan errespetuz hartu beharreko albistea. Izatekotan ere, Gipuzkoako katolikoen egun seinalatua. Hala izan beharko luke, Espainia benetako estatu laikoa balitz. Baina Eliza katolikoa Euskal Herrian ez da beste erlijioak bezalakoa. Haren historia ez da berdina, haren eragin politiko eta soziala ere ez. Oraindik ere botere eragile garrantzitsua da, lehen mailako iritzi sortzailea. Iraganean izan zuen boterearen inertziaz -eta malenkoniaz- ez du onartu nahi berez dagokion lekua eta betekizuna estatu laiko batean, hain justu ere Europako estatu gehienetan daukana.

Mende askoko historiaren, eta frankismoaren itzal luzearen ondorioz, gizartean sekularizazio prozesu indartsua gertatu bada ere -eliztarrak gutxiengo dira gaur egun-, Eliza katolikoak berez ez dagokion papera betetzen jarraitzen du, norbanakoari dagozkion erabaki pertsonalak-eta agintarien erabaki politikoak- baldintzatu nahian.

Besteak beste, sexu aniztasunaren aurkako jarrera sutsua du Munillak, eta familia eredu eta antolaketa modu berrien, eutanasiaren eta antisorgailuak erabiltzearen aurkakoa. Atzerakoietan atzerakoiena da Vatikanoren ildo ofiziala, eta ildo horretako jarraitzaile fidela da Munilla: abortatzeko eskubidearen eta homosexualen aurka makina bat aldiz hitz gogorrak egindakoa. Berak esan du, esaterako, homosexualitatea gaixotasuna dela;eta iradoki du genero indarkeriako kasuak igo egin direla familia tradizionala gain behera doalako.

Hori gutxi balitz bezala, Gipuzkoako eliztarrek eurek gehiengo osoz agertu dute hura gotzain izendatzearen aurkako jarrera. Baina Vatikanoak oraingoan ere ez du aintzat hartu nahi izan begien bistako errealitate hori, Espainiako Elizaren alde muturrekoenen interesei men eginda.

Munillaren izendapena errespetuz hartu beharko luke gizarte laiko heldu batek. Baina errespetua errespetu trukean ematen da, eta gotzainak ez du errespetu handirik erakutsi, esaterako, homosexualekin eta abortatzeko eskubidea askatasun osoz baliatzea erabaki duten andreekin.

Eta bada garaia norbaitek langa jar diezaien Estatuak diruz gehien laguntzen duen erakunde pribatuko buruek esaten dituztenei. Ezin da ulertu delituaren mugan egon daitezkeen adierazpenak egitea, eta denon dirua jasotzen jarraitzea. Agintariren batek azaldu beharko luke nola den posible lehengo astean Granadako artzapezpiku Javier Martinezek hau esatea jendez betetako katedralean, eta ezer ez gertatzea: «Emakumeak abortatzen badu, gizonak baimen osoa du, mugarik gabekoa, haren gorputzaz abusatzeko». Adierazpen askatasuna bai. Baina emakume batzuen aurkako abusuak justifikatzen dituztenak -eta beren gustuko sexu joera ez dutenak umiliatzen eta laidoztatzen- finantzatzea ez da onargarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.