Erlijioa ikasgaiaren ordezkorik ez ematea legez kanpokoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Batxilergoan ikasgai hori hartzen ez dutenentzat beste ikasgai bat jartzeari uko egin zion Eusko Jaurlaritzak, eta dekretuko atal hori baliogabetu egin du orain auzitegiak. Epaileen arabera, ordezko ikasgairik ez egoteak ikasleak bultzatzen ditu Erlijioa ez hartzera. Jaurlaritzak iragarri du bete egingo dutela epaia.
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzaindegiek eta Kristau Eskolek jo zuten Jaurlaritzaren dekretuaren aurka 2009an. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzari eman zion arrazoi, esanez Erlijioaren ordezkoa jartzea ez zela derrigorra. Orain, ordea, aurreko epaiaren kontrakoa eman du Auzitegi Gorenak; hezkuntzako lege orokorren aurkakotzat jo du Jaurlaritzaren dekretua.
Espainiako Estatuak eta Vatikanoak sinatutako akordioa du oinarri epaiak. Itun horretan, Espaniak hitzeman zuen Erlijioa aukeratzen duten ikasleek ez dutela diskriminaziorik jasoko. Ordezko ikasgairik ez jartzea diskriminaziotzat jo dute, ordea, epaileek, Erlijioa ez delakoan ageri "gainerako ikasgaiak bezala".