Atzo Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakariak iragarri zuenez, Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izango dira Ibarretxe auziko epaileak, baina gaur Ermuako Foroak Diaz Rabago errefusatu du; ez du nahi hura izaterik auziko epaileetako bat. Ermuako Foroaren ustez, Diaz Rabago auzian "kutsatua" dago eta "inpartzialtasunik ez du".
Hasieran batean Nekane Bolado ere bazen izatekoa auziko epaileetako bat, baina Ermuako Foroak errefusatu egin zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiko 77. Sala bereziak lehengo asteazkenean onartu egin zuen eskaera.
Ruiz Piñeiro bera eta Antonio Garcia ere auziko epaileak izatekoak ziren, baina Eusko Jaurlaritzak
errefusatu egin zituen, eta auzitegiak arrazoi eman eta epaiketatik kanpo utzi zituen.
Auzitegi Nagusiko 77. Sala bereziaren ustez, Ruiz Piñeiro, Garcia eta Bolado epaileek "beharrezkoa den inpartzialtasuna" ez dute, instrukzio fasean hainbat erabaki hartu dituztelako eta ebazpen horiek epaiketan "erabakigarriak" diren gaiei buruzkoak izan direlako.
Auzian, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaz gain, Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Juan Joxe Petrikorena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia Batasuneko mahaikideak, eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopez eta antolakuntza idazkari Rodolfo Ares daude auzipetuta.
Politika
Ermuako Foroak 'Ibarretxe auziko' beste epaile bat errefusatu du
Manuel Diaz Rabagoren kontra egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu