Datorren asteleheneko data gogoan, urriaren 12an ez dutela "ezer ospatzeko" diote BERRIAra bidalitako oharrean. Hispanitatearen eguna "inposatutako jai arrotza" dela diote, "betidanik errepresioarekin lotuta egon den nazioaren izaera ospatzen dute egun horretan gure herri eta errepideak okupatzen dituzten indar okupatzaileek". Herri berri bat eraikitzera doazela eta horretan ez dutela lekurik oroitarazten diete.
Gauzak horrela, "nazkatu" direla diote, "nazkatu gara zuen mehatxuez, Euskal Herriko paisaietan zuen sinboloak ikusteaz". Hori horrela, egunotan "zuen zezen maiteetariko bat erori" egin dela diote. Nafarroan gelditzen zen azken Osborne zezena eraitsia izan baita egunotan Tuteran.
'L'estaca' kantua lagun
"Argi dugu: denok bide berean bultza eginez gero, inposizioa amaituko dugu", diote oharraren amaieran.
Oharrarekin batera, panela eraisten duteneko bideoa ere igorri dute. Bideoan, L'estaca kantuak lagundurik ikusten da nola mozten dituzten Osborne zezenari zutik eusten zioten oinarriak. Soka batzuekin panelari tira egin eta lurrera botatzen dutela ikusten da.