Ez dute deklaratzeko dei ofizialik jaso, eta, beraz, ez dakite deituak izateko arrazoiak zeintzuk diren. Hala baieztatu du Ernai gazte erakundeak gaur bere webgunean. "Atzo prentsan filtratutako berrien arabera, Eloy Velasco instrukzio epaileak Ernai gazte antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria militante historikoa Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu ditu, ustez, 'terrorismoari gorazarre' egitea egotzita", azaldu du Ernaik.
Xabier Lopez Peña Thierry zenaren aldeko omenaldietan terrorismoa goratu zutela egotzi die Eloy Vascok Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Jon Buttoni, berri agentziek atzo zabaldutakoaren arabera: irailaren 19an deklaratu beharko dute guztiek Auzitegi Nazionalean, inputatu gisa. Gaur zabaldutako mezuan, Ernaik gogoratu du jadanik Ernaiko lau kidek —Elizburuk, Buttonek, Mikel Morenok eta Sienrak— deklaratu zutela auzi beragatik uztailaren hasieran. Gerora, abuztuan jakin zuten Etxeberriak, Andak eta Mugertzak ere deklaratu beharko zutela auzi beragatik, eta horiek ere jadanik deklaratu dutela edo datozen egunetan deklaratuko dutela Euskal Herriko epaitegietan.
Ernaik adierazi duenez, Espainiako Gobernuak argi erakutsi du prest dagoela "Euskal Herrian irekita dagoen joko zelai berrian konponbidearen alde urratsak egin ditzakeen edozein mugimendu zangotrabatzeko". Ernairentzat, "benetan larria" da Espainiak horren aurka abian jarri duen "kriminalizazio kanpaina". Hori dela eta, gazteriari dei egin dio, "oztopoak oztopo, lan politikoarekin jarraitzeko eta indarrak biltzen jarraitzeko, hori izango baita Espainiako Gobernua bere posizio atzerakoitik mugiaraziko duen berme bakarra".
Berri agentziek atzo zabaldutakoaren arabera, Pedro Mari Solabarria ere deklaratzera deitu dute irailaren 19rako, eta Ernaik "besarkadarik estuena" bidali dio gaur argitaratutako mezuan.
Sortu, Ernaien adierazpenekin bat
Ernaieko kideen eta Pedro Mari Solabarriaren aurkako zitazioek "prozesua apurtzeko" helburu argia dutela salatu du Sortuk: "Madrilgo gobernua zelai politikoa lokazten ari da etengabe, konfrontazio giroa sortu nahian". Jarrera horrek ez du bake prozesua zapuztuko Sorturen ustez: "Euskal gizartearen gehiengoak apustu argia egiten du bakea eta eszenario demokratikoa eraikitzeko".