euskal presoak

Ernesto Prat aske utziko dute bihar, bermepean

Frantziako Poliziak urtarrilean atzeman zuen Urruñan, Ekineko kidea zelakoan, eta Espainiaratu egin zuten ondoren. Presoaren abokatuek helegitea jarri zuten Auzitegi Nazionalean. Naia Lacroix Gradignango kartzelan beste euskal presoekin elkar dezatela eskatzen ari da. 

Berria.info
2012ko apirilaren 12a
16:45
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du Ernesto Prat euskal presoaren (Berriozar, 1978) abokatuek haren espetxeratzearen aurka jarritako apelazio helegitea, eta Prat 25.000 euroko bermepean bihar behin-behinean aske geratuko da, Herrira mugimenduak jakinarazi duenez. Bihar arratsaldean geldituko litzateke aske, epaiketaren zain.

Frantziako Poliziak urtarrilaren 25ean atzeman zuten Prat, Urruñan, Auzitegi Nazionalak atxilotzeko eskatu ondotik, Ekineko kidea zelakoan. Paueko Auzitegiak otsailaren erdialdean erabaki zuen hura Espainiaratzea.

Naia Lacroix beste euskal presoekin elkar dezatela eskatzen ari da 

Naia Lacroix Gradignan-go (Frantzia) espetxean bakartuta dagoen presoa beste euskal presoekin elkar dezatela eskatzen hasi da, eta, egoera hori salatzeko, apirilaren 1az geroztik igande guztietan ziegara itzultzeari uko egiten dio. Hala jakinarazi du Askapenak. Datorren astetik aurrera, gauza bera egingo du, igandero eta asteazkenero. Elkartasuna adierazteko, gizonezkoen moduloan dauden Arkaitz Agirregabiriak eta Zuhaitz Errastik gauza bera egiten dute.

Lacroixen egoera salatzeko, Fresnes-ko kartzelan dauden euskal preso guztiak epaileari eta espetxeko zuzendaritzari "gutun bidalketa masiboa" egiten ari dira.

Horrekin batera, martxo bukaeran izan ziren hainbat gertakari salatu ditu Lacroixek. Hark idatzitako ohar batean jaso duenez, martxoaren 26an sute bat izan zen Gradignango presondegian, emazteen aldean, eta, kanpora atera ondoren, sutea abiatu zen azpialdeko gela batean sartu zituzten.

"Tokiak fite gas gela bat zirudien; kea, gelara eskapatzen zen". Ondorioz, zenbaitek "larritasun krisiak eta asma krisiak" jasan zituztela salatu du, eta mediku zerbitzuek ez zituztela presoak artatu haiek hala eskatu arte. 

Lacroixi eta beste hainbat euskal presori elkartasuna adierazteko eguna antolatu dute, apirilaren 21erako, Senperen.

Otsailaren 17an espetxeratu zuten Lacroix. Egun batzuk lehenago atzeman zuen Frantziako Poliziak, haren ahizpa Audreyrekin. Azken hori aske utzi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.