PSOEko zuzendaritzak bilera egin du gaur, eta, beste gai batzuen artean, Erorien Haranetik Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak ateratzearena aztertu du. Oscar Puente zuzendaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, PSOEk uste du unea dela orain hori egiteko, baina ez du datarik edo eperik jarri. Zehaztu du ahalik eta azkarren egingo dutela, baina "presarik gabe" eta ahalik eta zalaparta gutxien eraginda.
"Erabakia hartuko dugu", esan du. Gaineratu du PSOErentzat gai garrantzitsua dela, eta alderdia eta Espainiako Gobernua Memoria Historikoaren legea betearazten saiatuko direla. PSOEren asmoa, Francoren gorpuzkiak handik atera ondoren, leku hura memoriarako gordetzea da, "ez diktadura goraipatzeko".
Francoren gorpuzkiak handik ateratzearen inguruan kontsentsu argia dagoela uste du, argudiatu duenez Franco ez zelako hil 1936ko gerran, baizik eta 82 urterekin, ohean. Espainiako Kongresuak 2017ko maiatzean eskatu zion Espainiako Gobernuari —Mariano Rajoy zen orduan presidente— ateratzeko Francoren hondarrak handik. Alderdi guztiek bozkatu zuten alde, PPk eta ERCk izan ezik; bi horiek abstenitu egin ziren.
Era berean, Jose Antonio Primo de Rivera Falangeko sortzailearen gorpuzkiak basilikaren aldare nagusitik atera eta beste leku batean jartzearen alde agertu zen Kongresua, eta Francoren irudia goraipatzen duen edozein fundaziori diru laguntzak kentzearen alde.
Gaurkoa izan da Pedro Sanchez Espainiako presidente denetik PSOEren zuzendaritzaren lehen bilera. Azken egunetan Erorien Haranaren gaiari helduko diolako zurrumurrua dabil. PPk berriki memoriarekin gizartea zatitzea leporatu dio PSOEri. Puentek erantzun dio kontua dela bere garaian alboratuta geratu zen auzi bati heltzea, eta kritika hori Andrea Levy bezalako PPko gazte batengandik iristeak harritu egin duela.