2.605 milioi euroren zorra berriro finantzatu ahal izango du Elorrioko kooperatibak.Taldearen zorraren %95 dute ituna sinatu duten hartzekodunek, eta horrek "Eroskiren 2019ra arteko finantza egoera argitu du", kooperatibaren esanetan, eta «ziklo aldaketa» suposatzen duela nabarmendu du.
Zor hori lau zatitan banatu dute Eroskik eta hari dirua utzi zioten 22 bankuek. Batetik, senior zorra izango da, zor nagusia nolabait esateko. 791 milioi euroren zor hori Eroskiren negozio nagusiari lotuta dago, elikagaien eta beste kontsumo produktuen banaketari. Bost urteren buruan itzuli beharko du, %2 eta %5 arteko interesekin.
Bigarrenik, desinbertsioei lotutako zorra dago, 300 milioi eurorena. Aktibo ez-estrategikoak salduko ditu zor hori pagatzeko. Diru horren erdia operazio bakar batekin eskuratu du dagoeneko Eroskik, azaroan 146 milioi euroren truke saldu baitzituen Madrilgo hainbat supermerkatu.
Egiturazkoa ez den zorra deitutakoa da beste zor mota bat. 948 milioirena da, epe luzekoa. Ebitda edo emaitza operatiboaren hobekuntzari lotuta dago. Galera handiak izan dituen urteetan ere ebitda positiboa izan du Eroskik —urtero 250-300 milioi ingurukoa—, negozio hutsa, zorraren amortizaziorik gabe, errentagarria den seinale.
Azkenik, higiezinen zorra da, 105 milioi eurorena. Eroskik hedakuntza garaian eraikitako merkataritza zentroak saldu ahala pagatuko du kooperatibak. Krisiaren urterik gogorrenetan sektore hori guztiz geldirik izan da, baina azken hilabeteotan berriro ari da gutxika-gutxika suspertzen. Bestetik, egungo 371 milioi euroko lerro zirkulatzaileak berritzea adostu dute.
30.000 herritarrekin zorra
Baina bankuekin duen zor horretaz gain, finantza ekarpenak erosi zituzten 30.000 herritarrekin ere 660 milioi euroren zorra du. Duela urtebete Kontsumobiderekin lortutako konpromisoaren bitartez, Eroskik nahi du zor horren %30 barkatzea, 7,5 euro ekarpen bakoitzeko, 200 milioi gutxi gora behera.
Gainontzekoa bi modutan pagatu nahi du kooperatibak: jarritako diruaren %15 esku dirutan emango luke Eroskik (3,75 euro ekarpen bakoitzeko), eta gainontzeko %55en truke hamabi urteko epea duen bonu bat emango luke. Hau da, gaur egun epe mugarik gabeko zorraren truke, hamabi urte barru bai ala bai itzuli beharreko zorra hartuko lukete interesa dutenek. Hamabi urteotan Euriborra gehi %3ko interesa pagatuko lieke, urtero, Eroskik.
Ekarpenen jabe guztiek trukea onartzen badute, dirutan 99 milioi euro ordainduko dizkie Eroskik, eta beste 363 milioi hamabi urterako bonuetan. Halakorik gertatzea oso-oso zaila da, ekarpenen erosle askok auzitegietara jo dutelako jarritako dirua berreskuratzeko asmoz. Auzitegiek, oraingoz, arrazoia eman diete, frogatutzat jo dutelako engainaturik erosi zituztela ekarpen horiek, gordailu arruntak bailira. Engainuaren errudun ez dute, ordea, Eroski egin, ekarpenak saltzeaz arduratu ziren bankuak baizik.