Erradioaktibitatea atzeman dute Olaberriko Arcelor Mittaleko labe batean

CSNk dio ez dagoela arriskurik, baina labea itxiarazi, eta ikerketa hasi du; ekologistek neurriak eskatu dituzte

Arcelor Mittal enpresa, atzo. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zesio-137aren erradiazioa agertu da Olaberriko Arcelor Mittal altzairu fabrikan (Gipuzkoa). Herenegun izan zen, galdatutako hautsa zeraman kamioi batean. Atzo jakinarazi zuten berria. Erandioko plantan (Bizkaia) atzeman zuten erradioaktibitatea, baina kamioia Olaberriko fabrikatik iritsi zen hara. Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak ikerketa hasi du. Hura amaitu arte, kutsatutako labea itxita egongo da. Dena den, CSNko kideek ziurtatu dute erradiazioak ez duela kalterik eragin ingurumenean, ezta langile nahiz herritarren osasunean ere.

Kamioia Erandiora iritsi, eta hango kontrol sistemek aurkitu zuten erradioaktibitatea. Protokoloak agindutakoa jarraituz, kamioia Olaberrira eraman zuten bueltan, Ertzaintzak babestuta. Eusko Jaurlaritzako IndustriaSaileko teknikaria Olaberriko fabrikara joan, eta zesio-137aren erradioaktibitatea zegoela baieztatu zuten. Hala, CSNrekin jarri ziren harremanetan, haiek ikerketa hasteko.

CSNko kideek jakinarazi dutenez, fusio labe batetik ateratako hautsetan topatu dute kutsadura nuklearra. Fundizioko langileek azaldu dute kanpotik sartzen den txatarra guztia eskanerretik pasatzen dutela. Baina zesioa altzairuan isolatuta iritsi zen, eta eskanerrak ez zuen atzeman. Labean galdatutakoan, fusioz, isuri egin zen. Besteak beste, hauts hondarretan eta araztegian askatu zen erradiazioa. Orain, produkzioa handitu dute, araztegia garbitzeko. Labea, berriz, itxi egin dute ikerketa amaitu arte.

Olaberriko alkate Jokin Garmendiak atzo bertan zehaztu zuen arratsaldean hasi zirela kutsatutako hautsak garbitzen eta «normaltasun osoa» zegoela lantegian. «Kutsatutako labea itxita dago, baina laminazioetan lanean ari dira. Segurtasun alarma bertan behera geratu da, ez da ezer gertatu».

Ekologisten salaketa

Ecologistas en Accion talde ekologistako energia nuklearreko gaietarako bozeramaile Francisco Castejonek ikerketa eskatu du erradioaktibitatea kontrolatzeko sistemen inguruan. «Altzairu fabrika guztiek dute txatarrak duen erradioaktibitatea neurtzeko atari bat, eta kamioi guztiek bertatik igaro behar dute».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erradioaktibitatea neurtzeko hiru estazio —bat CSNrena eta bi Eusko Jaurlaritzarenak— daudela gogorarazi du Castejonek, eta «harrigarria» iruditu zaio horietako bakar batek ere ez atzeman izana zesioa. «Kutsagarri erradioaktibo oso arriskutsua da. Arnastuz gero, sodioa eta potasioa ordezkatuko lituzke gizakiaren organismoan. Oso erraz lurruntzen da, gainera».

Horrenbestez, ikerketa egiteko eskatu du. «Altzaritegiaren barruan eta kanpoan erradioaktibitatea neurtzeko sistemen egoera zein den jakin behar da». Herritarrei informazioa emateko ere eskatu du. «Zenbat galdatu den jakin behar dute». Kutsatutako hautsen ezaugarriak ezagutzeko beharra ere defendatu du Castejonek. «Mugen gainetik daudenak gai erradioaktibo gisa tratatu behar dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.