Errauste planta «aukera bakarra» dela berretsi die alkateei Olanok

Aldundiak finantza erakundeen interesei men egin diela salatu du Marian Beitialarrangoitiak

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Oso jarrera itxia eta tematua sumatu diegu. Errauste planta aukera bakarra dela adierazi digute». Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatearen adierazpenak dira. Beitialarrangoitiak, beste hainbat alkate eta udal ordezkarirekin batera, bilera egin zuen atzo Zubietako errauste plantaz hitz egiteko Markel Olano ahaldun nagusiarekin eta Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuarekin. Bileratik lehendik zituzten kezkekin irten arren, baikortasun mezu bat bidali nahi izan zuen Beitialarrangoitiak. «Ez dugu egoera aldatzeko itxaropena galtzen. Izan ere, errauste planta ez diren beste aukera batzuk egon badaude, eta ez dugu amore emango, udalei ezarri nahi diguten morrontza ekonomikoa onartezina baita. Morrontza horrek, gainera, 21 urte iraungo du».

Orain aste batzuk jakin zen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak errauste plantaren finantzaketa hitzartu zuela Europako Inbertsio Bankuarekin, Caixarekin eta Banestorekin.Handik egun batzuetara, akordio horrek izango dituen ondorioekin kezkatuta, alkate eta udal hautetsien talde batek bilera bat egiteko eskatu zieten Olanori eta Ormazabali. Atzo izan zen bilera, eta Beitialarrangoitiarekin batera bertan izan ziren: Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea, Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatea, Mikel Izagirre Urnietako alkatea eta Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko bigarren alkateordea.

Errauste plantaren inguruan duten kezka «ekonomikoa eta politikoa» dela nabarmendu du Beitialarrangoitiak. Ekonomikoki banku eta aurrezki kutxek jarritako baldintzak «oso gogorrak» direla nabarmendu du, eta aldundiak eta partzuergoak haien interesei men egin dietela.

Beitialarrangoitiak gogorarazidu partzuergoak eta aldundiak onartu dutena baino kostu handiagoa izango duela errauste plantak. «Azpiegituraren kostua 500 milioikoa izango da. Baina, horrekin batera, eskatzen diren maileguen interesak eta amortizazioak ordaindu beharko dira. Gainera, bankuen baldintzen artean dago proiektuaren jarraipena egiteko aholkulari eta aditu batzuk jarriko dituztela. Horiek ere guk ordainduko ditugu, eta ez dira merkeak. Beraz, gipuzkoarroi 1.000 miloi euro kostako zaigu proiektua». Finantzaketari lotutako hainbat datu ez dizkietela eman ere salatu du Hernaniko alkateak. Horri lotuta, konpromiso batzuk dituzte finantzatzaileekin. Horien artean dago, BERRIAk orain dela aste batzuk aurreratu zuen bezala: errauste plantak ez badu zorra ordaintzeko errentagarritasunik betetzen neurriak hartu beharko direla. Neurri horietako bat zaborren tarifak igotzea izango litzateke. Errauste plantaren errentagarritasun hori udalek hara eramaten duten zaborraren araberakoa izango da, eta baita plantatik lortzen duten energiaren araberakoa ere.

Udalen «bizkar»

Politikoki, berriz, bai partzuergoa bai foru aldundia erabakiak udalen bizkar hartzen ari direla salatu du Beitialarrangoitiak. «Baita etorkizunean foru aldundian eta hondakinen partzuergoan egongo diren ordezkarien izenean ere. Gainera, etorkizunean har ditzaketen erabakiek finantzatzaileen onespena izan beharko dute. Gureak diren erabaki batzuk finantza erakundeen interesen menpe utzi dituzte».

Besteren artean, finantzatzaileekin adostu dute partzuergoaren estatutuak ez dituztela aldatuko, baldin eta haiek aldez aurretik baimentzen edo eskatzen ez badute. Gipuzkoako hainbat udalek, haatik, maiz salatu izan dute egungo estatutuekin udalen autonomia urratzen dela eta horrekin errauste plantaren finantzaketa blindatu nahi dutela. Izan ere, estatutu horien arabera, 30 urtez udalak ezingo dira partzuergotik irten. Halaber, partzuergoak konpromisoa hartu du mankomunitateek bete egingo dituztela akordioan jasotzen diren betebeharrak, eta mankomunitateek, bide batez, horretara behartuko dituztela udalak; besteren artean, behartuta egongo dira zaborra errauste plantara eramatera.

Hori ikusirik, udal eta foru hauteskundeak egin bitartean erabakirik ez hartzeko eskatu diete alkateek Olanori eta Ormazabali. «Baina erantzuna ezezko borobila izan da. Markel Olanok argi utzi digu erabakiak hartuta daudela». Hori «oso larria» iruditzen zaie: «Udalek hainbat eskumen ditugu zaborren kudeaketaren inguruan, eta kontuan hartu behar da hemendik bi hilabetera mapa politikoa alda daitekeela. Alderdien legearen aurka daudela diote, baina gero ikusten da zein den errealitatea», dio Beitialarrangoitiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.