Zubietako errauste plantaren obrak egiteko agindua etetea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK). Ondorioz, gaurtik aurrera Zubietako errauste plantaren proiektua geldirik dago, modu ofizialean.
Euskadi Irratiak aurreratu du GHK-k hartutako erabakia, eta arratsaldean eman ditu Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak erabakiaren inguruko xehetasunak. Nabarmendu duenez, legez kanpo jokatzea izango litzateke errauste planta eraiki izana.
Azaldu du hiru baldintza direla-eta ez duela proiektuak Ingurumen Baimen Bateratua betetzen: errauste plantan zaborra erre eta gero geratzen diren hondakin kutsakorrak tratatzeko azpiegitura proiektutik kanpo uztea; sortzen den errauts toxikoen tratamendurako azpiegiturak ez eraikitzea; eta errauste plantaren lur maila baimendu baino hiru metro gorago jartzea.
Enpresekin dagoeneko hitz egiten ari direla adierazi du Intxaurrandietak, eta berretsi du lanean ari direla kalte ordainak pagatu behar izanez gero, horiek ahalik eta txikienak izan daitezen. "Gipuzkoarren dirua eta interesak defendatzea da lehentasuna", Intxaurrandietaren esanetan.
Erabakia, goizean
Erabakia gaur goizean hartu du GHK-ko zuzendaritzak, eta, ondoren, horren berri eman die Gipuzokoako Hondakinen Partzuergoko batzarkideei, eguerdian. Partzuergoko batzarrean Bilduko ordezkariak ez ezik, PPko eta PSE-EEko ordezkariak ere badira.
Eguerdiko bileratik irteten lehenak izan dira Denis Itxaso PSE-EEkoa eta Ramon Gomez PPkoa. Diputazioan zuten batzarra, eta laster joan dira; adierazpenik ez dute egin nahi izan.
Geroago, Itxaso Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio, eta esan du hari dagokiola zehaztea ea Zubietako plantaren egitasmoan izandako aldaketek Ingurumen Baimen Bateratua betetzen ote duten. Esan du GHK-k emandako argudioak funtsik gabekoak direla, eta nabarmendu du "bere garaian hitzemandako proiektuak baztertzeko asmo argi eta aldebakarrekoa" duela Bilduk.