Hondakinak

Errauste planta finantzatzeko 'swap'-ak egokitu ezean, auzitara joko du GHK-k

La Caixa eta Banesto bankuek Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari saldutako swap produktuak egokitzeko eskatu dute. Jaso duten diru kopurura egokitu ezean, auzitara eramango dituzte bankuak.

Berria.info
2013ko otsailaren 8a
12:19
Entzun

Iragan ostiralean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak iragarritakoa berretsi du erakunde horren batzarrak: La Caixa eta Banesto bankuek estaldura kontratuak egokitzen ez badituzte, auzitara eramango dituzte. Zubietako errauste planta egiteko, bi mailegu hitzartu zituen GHK-k 2011n, haietako bat Europako Inbertsio Bankuarekin, eta bestea La Caixarekin eta Banestorekin. Azken bi banku horiek 94 milioi euroko mailegua egin zuten, eta hori estaltzeko swap produktuak saldu zizkioten bankuek GHKri.

"Produktu espekulatzaileak" dira swap horiek, Juan Karlos Alduntzin GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoko presidentearen esanetan. 94 milioi euroko mailegutik, 9,7 hartu ditu GHK-k orain arte. Baina, swap horiek medio, 94 milioiak hartu balitu bezalako interesak itzultzen ari da bankuei; hilero, 300.000 euro dira. Guztira, interesetan 50 milioi euro pagatzera iritsi liteke partzuergoa, baldintzak aldatu ezean.

Partzuergoak hilabeteak daramatza bankuekin swap horiei buruz hitz egiten, Alduntzinen esanetan. Baina erantzunik jasotzen ez duenez, swap horien interesak ordaintzeari utziko ziola iragarri zuen GHKren administrazio kontseiluak joan den ostiralean, eta bankuak auzitara eramango zituela. Gaur partzuergoak batzarra egin du, eta berretsi egin du administrazio kontseiluak joan den astean hartutako erabakia.

"Bankuek mailegu produktu hori egokitzen ez badute, beren kontra auzibidea jartzea" erabaki dute zehazki. Alduntzinek zehaztu du bankuei ez dietela eskatu kontratuak puskatzeko, baizik eta GHK-k jasoko duen diru kopuruaren arabera egokitzeko. Gaur egun, 94 milioi euroak jaso izan balitu bezalako maileguak jasotzen ditu GHK-k, baina egiaz 9,7 milioi soilik hartu ditu. "Produktu espekulatzaile hutsak dira, eta horrek arazo ekonomiko larria eragin diezaieke Gipuzkoako udalei eta herritarrei", azaldu du Alduntzinek.

"Kontratu horien helburu bakarra errauste planta toxiko bat eraikitzea zen, inork bere etxe atarian nahi ez duena", Alduntzinen hitzetan, mailegua erabili edo ez, errauste planta eraiki edo ez, berdin-berdin itzuli behar zituztelako swap horien interesak. Alduntzinek berretsi du "herritarren osasuna arriskuan jartzen duen mamu handi bat" eraikiko zela bermatzea zela swap horien helburua, eta GHK-ko aurreko administrazio kontseiluko arduradunek "jokabide guztiz okerra" izan zutela adierazi du: "Etikoki mespretxagarria, eta politikoki gaitzesgarria da. Diru publikoarekin arduragabekeria izugarriz jokatu dute".

Txingudi, partzuergotik kanpo

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren estatutuak ere egokitu dituzte gaur. Partzuergoa osatu zenean, Txingudiko mankomunitatea bertara sartzeko prozedura legalak ez zirela behar bezala bete, eta auzitegiek esana zuten partzuergoaren estatutuak ez zirela egokiak. Txingudiko mankomunitatea, beraz, partzuergotik kanpo egon da, hasieratik. Auzitegiek agindutakoa betetzeko, estatutuetan aldaketa batzuk onartu dituztela azaldu du Alduntzinek.

Aste honetan, Debabarreneko, San Markoko eta Txingudiko mankomunitateetako ordezkariek agerraldia egin zuten. Gipuzkoako Diputazioari aurpegiratu zioten "apartheid politikoa" erabiltzea Txingudiko mankomunitatearen aurka. "Txingudi Gipuzkoan dago, guretzat argi dago", erantzun du gaur Alduntzinek: "Baina, oraingoz, ebazpen judizialak bete behar ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.