Ingurumena

Errauste planta Landarbasoko Igoin-Azpin egitea erabaki du Donostiako Udalak protesta artean

Odon Elorza Donostiako alkateak (PSE) zaborrak errausteko plantarentzat proposatutako kokalekua onartu du gaur arratsaldean Udaleko osoko bilkurak. Landarbasoko Igoin Azpin proposatu zuen alkateak, eta bertan egingo dute. Istilu artean egin dute osoko bilkura. Landarbasoko bizilagunak, eta, oro har, errausteko planten aurka dauden herritarrak plenora joan dira, protestatzera. Tira-biren ondorioz, batzarra bertan behera uztea erabaki du idazkariak. Nolanahi ere, handik denbora batera beste gela batera sartu dira Donostiako udalbatzako kideak, eta han egin dute batzarra.

2006ko ekainaren 22a
19:59
Entzun
16:00etan zen plenoa hastekoa, baina 15:15etan dagoeneko bostehun bat herritar zeuden Udaletxe atarian bilduta. Agertu dutenez, bilkuran izan nahi zuten guztiek aukera hori izango zutela agindu zien Elorza alkateak, eta guztiak barruan izan arte ez zela batzarra hasiko. Hala ere, banan-bana sartu behar zuten, eta lauetarako guztiak sartzeko modurik ez da izan. Hala ere, batzarra hastea erabaki dute.

Dagoeneko barruan zeuden herritarrek, ordea, protestaka hartu dute erabakia. Beraz, etenaldi bat egin da guztiak sartu arte. Guztiak sartu direnean protesta jarrerari eutsi diote: errausteko plantaren eta Elorza alkatearen aurkako pankartak erakutsi eta aldarriak egin dituzte.

16:50etan giro horretan ezin zela batzarrik egin adierazi du Udaleko idazkariak eta bertan behera utzi du bilkura. Alkateak eta zinegotzi gehienak jendearen artetik igaroz atera dira, baina EAJko zinegotzi Roman Sudupe eta Patxi Baztarrika eta EAko Jaione Arratibel estu hartu ditu jendeak, eta bidea trabatzen zietela izan dituzte denbora batez, oihuka.

Azkenean ateratzen utzi diete, eta batzar aretoan geratu dira herritarrak. Beren kabuz errausteko planten inguruko bilkura egin dute.

Hasiera batean, Donostiako udalbatzak erabakia beste egun baterako utziko zuela ematen zuen, baina, azkenean, udaletxeko beste bulego batean bilera egitea erabaki dute. Horrenbestez, batzar aretoan barik ohikotan prentsa agerraldiak egiteko erabiltzen den bulego batean egin dute plenoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.