Errauste plantak gipuzkoarrak «hipotekatuko» dituela dio Zero Zaborrek

Koordinadorak uste du banketxeek «baldintza gogorrak» jarri dizkiotela hondakinen partzuergoari

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta EIB Europako Inbertsioen Bankuak Zubietako errauste planta finantzatzeko lortutako akordioarekin, gipuzkoarrak «urte askorako hipotekaturik» geldituko direla uste du Gipuzkoa Zero Zabor koordinadorak. Horren iritziz, «dirutza izugarria da hondakinak errausteko planta eraikitzen xahutu nahi dutena».

Partzuergoak eta EIBk sinatutako akordioaren arabera, azken horrek 195 milioi euro mailegatuko dizkio partzuergoari errauste planta eraikitzeko. Caixak eta Banestok ere finantzatuko dute proiektua, eta 68 milioi euroko mailegua emango diote partzuergoari. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, 125 milioi euro gastatuko ditu proiektuan. Orotara, 380 milioi euroko aurrekontua izango du errauste plantaren eraikuntzak.

Hitzarmenaren aurkezpenean partzuergoak azaldu zuenez, EIBk, Caixak eta Banestok ez dute mailegatutako diruagatik bermerik eskatu, baizik eta «konpromisoak». Zorra 21 urtean kitatu beharko du partzuergoak. Zero Zaborrek, ordea, uste du finantzaketaren truke, baldintza batzuk jarri dituztela banketxeek: «Baldintza gogorrak izango dira, seguru; munduko beste leku askotan erakutsi den bezala, errauste planten bideragarritasuna lortzeko, herritarrei kendutako dirua erruz bildu beharko dute, bai biltzen duten hondakinen gaineko tarifak igoz, bai gero eta subentzio zikinagoak asmatuz».

Atzerapena

Gipuzkoa Zero Zaborren iritziz, badira alternatibak: «Tematuta segitzen dute gure hondakinak urritu, berrerabili eta birziklatu ordez, horiek erretzeko proiektuan, jakinik hori dela aukerarik zikinena, kutsagarriena, iraunkortasunik gutxiena duena eta garestiena».

Errauste Plantaren Aurkako Koordinadorak berriro eskatu du errauste plantarako atzerapena, Gipuzkoan bestelako hondakinen kudeaketa sistemak praktikan jarri ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.