Gizartea

Errauste plantaren aurka manifestazioa egin dute milaka lagunek Donostian

Atez ateko bilketa sustatzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.

2008ko ekainaren 14a
20:05
Entzun
“Alternatibak badaudelako”, Zubietako (Donostia) gainetan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi duen errauste plantaren aurkako manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Donostian, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak antolatuta. Milaka lagun bildu dira. Traktoreak, zaldiak eta abar eraman dituzte ekimenera.

Hiri hondakinak gaika atez ate biltzeko eredua hobesten du koordinakundeak. Hala, errausteari ezezkoa ematearekin batera, martxarekin atez ateko bilketa sustatzeko eskatu diote Foru Aldundiari.

Zaborren kudeaketari dagokionez, egun bi eredu nagusi daude, koordinakundeko kideen ustez. Batetik, herri plataformak proposatzen duena, San Markos eta Debagoieneko mankomunitateek hobetsi dutena, eta Europako zuzentarauei jarraiki zaborra gaika biltzeko ahalegina egiten duena, hiri hondakinen ia erdia izaten den materia organikoa, bereziki. Horren aurrean legoke beste eredua, koordinakundekoen iritziz, “mugarik gabeko kontsumismoa eta herritarren kontzientzia eza bultzatzen dituen errausketa”, osasun, gizarte, ingurumen nahiz ekonomikoki “ondorio kaltegarriak” dituena.

Atez ateko bilketa defendatzen du koordinakundeak. Europan duela hamarkadak ezarritako eredua dela, milioika bizilagunen zaborra biltzeko sistema dela eta azkenaldian asko zabaldu dela diote koordinakundekoek, Herrialde Katalanetan, kasu. Eredu horrek mota desberdinetako etxebizitzetan arrakasta izan duela azaldu dute, bai dorre moduko etxeetan, bai sakabanatutako etxebizitzetan, baita 100.000 biztanletik gorako zenbait hiri handitan ere. “Atez ateko bilketa Europako aginduei zorrotz jarraitzen dien eta diru aldetik merkeagoa den sistema da”.

Atxikimendu ugari

Manifestazioari zazpi sindikatuk agertu diote atxikimendua: ELA, LAB, ESK, CNT, CCOO, EHNE eta EILASek, hain zuzen. Talde ekologista, erakunde eta gizarte eragile ugarik ere egin dute bat errauste plantaren aurkako aldarriarekin; hala nola, AHT Gelditu! Elkarlanak, Hendaiako Ingurumenaren Aldeko Herritarrek, Eguzkik, Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Haritzaldek, Añorgako Ingurumen Komisioak, Zubietako Herri Batzarrak, Antiguak Erraustegiari Uko taldeak, Añorgako Gazte Asanbladak, Xirika gazte kazetak, Antiguotarrak Elkarteak, Donostiako Piratek eta Herria Kultur Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.