Gipuzkoako hondakinak

Erraustegia egiteko baimenari 4.000 errekurtso baino gehiago jarri dizkiote

Erraustegiaren aurkako mugimenduak egin zuen errekurtsoak jartzeko deia, eta 4.000 gipuzkoarrek baino gehiagok egin dute Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimenaren kontra.

Errauste planta egin nahi duten orubea, Zubietako gainetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 12a
12:42
Entzun

4.000 lagunek baino gehiagok "norbere kabuz erregistratu" dituzte ingumen baimenaren kontrako helegiteak, erraustegiaren aurkako mugimenduak jakinarazi duenez. Gainera, hogei udal inguruk eta hainbat elkartek ere helegite administratiboak sartu dituztela azaldu dute. 2016ko apirilaren 11ko ebazpenak egin zuen ofizial Jaurlaritzaren baimena, eta ordurako "proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta ingurumenaren baimen bateratua iraungita" zeudela argudiatu dute helegitea jarri dutenek.

Apirilaren 28ko egunkarian eman zuen BERRIAk Zubietako errausketa planta egiteko Jaurlaritzak diputazioari emandako baimenaren berri. Han azpimarratzen zen, besteak beste, berez 2010eko ingurumen baimen bateratua (IBB) eta ingurumen eraginaren deklarazioa (IED) epez agortuta leudekeela 2014tik, baldin eta aurreko agintaldian GHK-k ez bazuen luzapenik eskatu tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta egiteko. Izan ere, luzapena eman zuen Jaurlaritzak, baina gero GHK-k berak galdegin zion bertan behera uzteko, ingurumen baimena TMB plantarako baliagarria ez zela jakin zuenean. Eskari horri, baina, Jaurlaritzak ez dio erantzun.

Errausketaren aurkako mugimenduak salatu du "errekurtsoa jartzeko epea inor enteratu gabe pasatzeko asmoa" zuela Jaurlaritzak; "zuzen-zuzenean afektatutako udalei ere (Lasarte, kasu) ez die abisatu". Izan ere, nahiz eta baimenak lortzea azpiegiturak gainditu behar duen tramite nagusietako bat izan, ez dute horren berririk eman jendaurrean, ez prentsa ohar bidez. Jaurlaritzak ebazpenean dio GHKri, Donostiako Udalari eta "gainerako interesatuei" jakinarazi diela. BERRIAk Jaurlaritzari eskatuta lortu zuen ebazpena, ez baita argitaratu ez EAEko buletin ofizilean eta ez Gipuzkoakoan.

Nolanahi ere, errekurtso kopurua ikusita gustura dago erreusketaren kontrako mugimendua: "Zoriondu egin nahi ditugu ekimen honetan parte hartu duten gipuzkoarrak. Hiru egunetan milaka errekurtso erregistratu izanak erakusten du gero eta gehiago garela erraustegiaren aurka jarrera aktiboa hartzen ari garenok". Hala, maiatzaren 29an Donostian egingo dute giza katerako deia egin dute.

Hain justu, "batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana iristeko", buzoneoa egingo du erraustegiaren aurkako mugimenduak, asteburu honetan, Gipuzkoa osoa. 225.000 esku orri banatuko dituzte, 600 boluntarioren parte hartzearekin. Eta hiru mezu zabalduko dituzte: "erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da"; "Gipuzkoan inoiz egin den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude"; eta "zabortegiak ez dira konponbidea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.