Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak proposamena egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, herrialde osoan atez ateko zabor biltzea jartzea azter dezan. Haren arabera, agerikoa da sistema horren "balioa", eta kontuan hartu beharko luke Diputazioak. Hala, errauste planta egiteko proiektua sei urte atzeratzeko eskatu dio Markel Olano ahaldun nagusiari.
Orain bi urte jarri zuten martxan Usurbilen atez ateko zabor biltzea, eta bistakoak izan dira ondorioak: zaborren %82 birziklatzea lortu dute (sistema ezarri baino lehen, %28 zen). Ekimenaren arrakasta ikusirik egin du proposamena Usurbilgo alkateak. Herrian martxan duten sistema Gipuzkoako herritar denei azaltzea nahi du Errekondok, haren onurak ikus ditzaten. Gipuzkoako udalei dei egin die sistema hori jar dezaten: "Udalen aurrekontuan sartzen da, ez da ahalegin berezirik egin behar", dio.
Atez ateko sistemari buruz herri galdeketa egitekoa dute hil honen 27an eta 28an Usurbilen. Honakoa izango da galdera: Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako? Aukerako erantzunak, honakoak:atez ate; orain arteko edukiontzien sistema (4 edukiontzi); edo orain arteko edukiontzien sistema + 5. edukiontzia organikoarentzat. Ezker abertzaleak, EAJk eta Aralarrek atez atekoaren aldeko botoa eskatu dute.
HONDAKINAK
Erraustegia egiteko plana sei urtez atzeratzeko eskatu du Usurbilgo alkateak
Atez ateko zabor biltzea Gipuzkoa osora hedatzea proposatu du Errekondok, erraustea baino soluzio hobea dela iritzita. Usurbilen abian dute ekimena, eta lortu dute zaborren %82 birziklatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiari ekimena aintzat hartu eta aztertzeko eskatu dio alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu