Erreakzio gehiago: Presoen gaiari heltzeko garaia dela iritzi diote EAk eta EAJk

2011ko abenduaren 10a
13:30
Entzun

Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidentea EPPK-ko preso bakoitzak egingo duen eskaeraz mintzatu da, eta esan du Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidenteak ezin izango dituela aintzat hartu, "atzean ETA dagoelako eta ETAk agindu dielako". Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak, berriz, Espainiako Gobernuak presoen gaiari heltzeko garaia dela iritzi dio. "Prozesuaren atzeraezintasuna sendotzeko lagungarri diren neurriak dira", esan du.

Egibarrek gaineratu du espetxe politika politikoki erabili dela ETA borrokatzeko, baina gaixotasun larriak dituzten presoak, zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak eta Parot doktrina ezarri zaienak aske uzteko neurriak berehala hartzeko eskatu du. "Zigorra etxetik ahalik eta gertuen betetzea eskubidea da, eta espetxe politikak sistematikoki urratu du", esan du.

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak espetxe politika mendekuan oinarrituta dagoela salatu du, inoiz ez duela zentzurik izan esan du, "eta orain, are eta gutxiago". Hori aldatzeko ausardia eskatu du, legearen alde samurrena baliatuz. "Gai horri aurre egin eta erantzun bat emateko garaia da".

AVT biktimen elkarteko presidenteak salatu egin du EPPK-ko presoen ekimena eta esan du horrek erakusten duela ETA "bizirik" dagoela. Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, xantaia dela esan du eta "amore ez emateko" eskatu dio Raxoiri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.