Fragaren heriotzak hainbat erreakzio sortu ditu Euskal Herrian, aldekoak PPn eta kontrakoak gainerako alderdi gehienetan, batez ere abertzaleetan. Laura Garrido PPko kideak Euskadi Irratian esan du Fraga oso langilea zela eta nabarmendu dituen bere ezaugarrien artean adierazi du "planteamendu modernoak" zituela. Antonio Basagoitik esan du "Espainia hobetu" egin zuela, eta "muturreko gutxiago" zituen herrialdea egin zuela. Gainera, esan du autonomismoaren balorea mahai gainean jarri zuela Fragak, eta "espiritu liberala" zuela.
Ramon Labaien Donostiako alkate ohiak, berriz, esan du Fragak trantsizio garaian egin zituen erreformak frankismoak iraun zezan egin zituela. Iñaki Anasagati EAJko senatariak esan du Fragak "min asko" egin zuela Euskal Herrian, eta abertzaletasunarekiko bereziki oldarkorra izan zela. Azpimarratu du Fragak Gernikako Estatutuaren aurka bozkatu zuela, eta gogoratu du 1976ko Aberri Eguna antolatzeagatik espetxeratu zuela bera Fragak. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ere esan du ez duela Fraga goraipatzeko motiborik.
Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariak esan du politikari frankista zela, eta Espainian erreforma okerrera baldintzatu zuela. Zabaletak gaineatu duenez, Espainiako Konstituzioak demokraziaren azterketa ez gainditzearen arduradunenetako bat da. Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak Espainiaren historia beltzenaren ordezkari izan zen, eta Jurramendiko eta Gasteizko hilketen erantzule "zuzena" egin du. "Hil da eta ez da egin justiziarik, egia argitu gabe hil da".
Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak nabarmendu du Franco hil ondoren "eskuina demokraziara eramateko abilezia" izan zuela. Hala ere, gaineratu du Espainian demokrazia ez zaiola zor Fragari, baizik eta diktaduraren aurka borrokatu ziren milaka pertsonei, "horietako batzuk Fraga ministro zela eraildakoak". "Ez zuen hilketa horiek ikertzeko ezer egin".