Erreakzioak: zuhurtziaz hartu dute erabakia zenbait herrialdek, eta Alemaniak parte ez hartzea erabaki du

2011ko martxoaren 18a
18:15
Entzun

Frantziak eta beste herrialde batzuek NBEren ebazpena zalantzarik gabe babestu badute ere, beste herrialde batzuek ez dute parte hartzearen inguruan uste oso hori.

Errusia

Segurtasun kontseiluan duen beto eskubidea arrazoi humanitarioengatik ez zuela erabili azaldu du gaur Errusiak, baina, hala ere, NBEren ebazpenak krisia areagotu besterik egingo ez duelakoan, kezka agertu du.

Txina

NBEren segurtasun kontseiluan beto eskubidea izan eta erabili ez duen arren, zuhur agertu da, eta nazioarteko harremanetan indarra erabiltzearen aurka daudela esan du. Herrialde arabiar eta afrikarrek eskatuta ez zuela beto eskubidea erabili jakinarazi du.

Alemania

Begi onez hartu du Angela Merkel kantzillerraren gobernuak NBEren ebazpena, bozketan abstenitu egin den arren, baina militarki parte hartzea eszeptizismoarekin hartu du, eta Alemaniak ez duela parte hartuko esan du.

Espainia

Aire eremua ixteko operazioan parte hartuko du Espainiak, aurretik horretarako Legebiltzarraren onespena badauka. Parte hartze horretarako gutxieneko baldintzak bete direla iritzi dio gobernuak.

Australia

Kevin Rudd Atzerri ministroak esan du erabakia indarrean jartzeko beranduegi ez izatea espero duela, eta Australiak erabat babestuko dituela ebazpena praktikara eramateko eman beharreko pausoak. Diplomaziaren arloan garaipen garrantzitsua dela esan du.

Ekuador

NBEren ebazpenaren berri jakin ostean, Ekuadorrek kezka agertu du Iraken eta Jugoslavian gertatu zena errepika daitekeelako beldur. Horregatik, arreta handiz aritzeko eskatu dio Ekuadorreko Gobernuak nazioarteari.

Kanada

Libiara gerrarako hegazkina bidaltzea aztertzen ari da Kanada, hango prentsak gaur argitaratu duenez. Gobernuaren aginduaren zain dagoeneko sei hegazkin omen dadue prest. Erabakia gaur hartzea espero da.

Danimarka

NBEren ebazpenaren alde agertu da Danimarka. Libiara lau F-16 eta 90 soldadu bidaltzea aztertzen ari dira, Lars Loekke Rasmussen lehen ministroak jakinarazi duenez. Danimarkako oposizioa ere NBEren esku hartzearen alde agertu da.

Qatar

Herrialde arabiarrak NBEren ebazpenarekin bat egin du, eta Libiako herritarrekin dagoela adierazi du. "Nazioarteko esfortzuetan" parte hartzeko asmoa duela esan du gobernuak, nahiz eta ez duen zehaztu nolakoa izango den Qatarren parte hartzea.

Italia

Parte hartze aktiboa izango dutela jakinarazi dute. Italia Libiatik gertu dago, eta NATOren esku hartzerik balego Europako herrialdearen base militarrak erabilgarri egongo direla adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.