Frederique Espagnac
PS, Frantziako senataria
«Gure hizkuntzen eskubideak aldarrikatu nahi ditut. Aurki Europako Ituna izenpetzea espero dut, eta lege xede bat lantzen ari gara Frantziako Senatuan. Nihaur euskararen ofizialtasunaren aldekoa naiz».
Frantxua Maitia
Akitaniako kontseilaria
«Militante gisa nago manifestazioan, lege bat izan dadin. Mintzaira menperatuek lege koadro bat behar dute, eta horiek zaintzeko, Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu behar du».
Kotte Ezenarro
Kontseilu Nagusiko presidenteordea
«Kontseilu Nagusiko lehen presidenteorde gisa nago manifestazioan. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna ahal bezain laster izenpetu behar da. Jazarpen honek luze iraun du, eta garaia da hori aldatzeko».
Alice Leiziagezahar
Akitaniako kontseilaria
«Euskarak behar du ofizialtasuna, frantsesaren eta gaztelaniaren heinean. Horretarako, legeak aldatu beharko dira, koofizialtasuna indarrean jartzeko eta lege egokien bidez euskara garatu ahal izateko».
Peio Etxeberri-Aintziart
EH Bai
«Eztabaida ez da euskara anitz edo gutxi lagundu behar den. Tresna eraginkor bakarra ofizialtasuna da, frantsesaren eta euskararen artean eskubide berak bermatzeko. Adostasun hori onartu behar dute alderdiek».
Zigor Etxeburua
Gipuzkoako Foru Aldundia
«Deiadar manifestazioa sostengatzera etorri gara, Frantziari egiten dioten ofizialtasun aldarria sostengatzera. Euskara, ofiziala izan gabe, ez da biziko. Frantziako erakundeetara heldu behar da aldarria».
Jagoba Zulueta
LABeko euskara arduraduna
«Deiadarrean parte hartu dugu ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan aldarrikatzeko.Frantziako estatuak baliatzen duen ukazioari erantzun behar zaio herri modura, langileen sostenguz».
Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko presidentea
«Euskararen normalizazioan ezinbestekoak gara guztiak, eta apostu handia dugu aurrean. Une garrantzitsu batean gaude, eta beharrezkoa da herritarren mobilizazioa Deiadarreko aldarriak lortzeko».