Nafarroako Gobernuak "aztertu" egingo du Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena; zehazki, Madrilek Nafarroan egingo duen inbertsioaren zenbatekoa eta inbertsio hori "erreala" izango den edo ez.
2015eko aurrekontuekin alderatuta, Madrilek Nafarroan datorren urtean egingo duen inbertsioa %10,46 haziko da, eta horri buruz galdetu diote Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteari. Datuak ezagutu aurretik, azaldu du ez dela baikorra aurrekontu proiektuarekiko; azken urteetako "joerak" eta "murrizketak" izan ditu gogoan, eta erantsi inbertsioetan Nafarroa "zigortu" izan duela Madrilek.
EAJren osoko zuzenketa
EAJk, berriz, jakinarazi du osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurrekontu proiektuaren kontra. Pedro Azpiazu EAJko diputatuaren esanetan, proiektua "iruzurra" da, "inbertsio defizita" du eta "hauteskundeei begira" eginikoa da: "[Espainiako Ogasun ministro] Montorok esan digu politika ekonomiko posible bakarra haiek eginikoa dela". PPren gobernuari egotzi dio "beldurra eragin" nahi izatea.
Amaiurrek ere osoko zuzenketa aurkeztuko du proiektuaren aurka, iritzita aurrekontu egitasmoak "krisiaren ondorioak gehien sufritu dituztenei bizkarra" ematen diela: "Enpresa handiei, funtzionarioei eta krisia gutxien sufritu dutenei begiratzen dieten aurrekontuak dira".
UPNk positibotzat jo du estatuaren inbertsioa Nafarroako AHTaren zatirako. Hala ere, kezka azaldu du, uste baitu "Nafarroako Gobernu berria babesten duten alderdien akordio faltak azpiegitura horiek errealitate ez bilakatzea" eragin dezakeela.
Juan Moscosok (PSN) uste du proposamenak ez duela sinesgarritasunik, argudiatuta 2015eko aurrekontuan ezarritako helburuak ez direla beteko. Gainera, hurrengo gobernuari aurrekontuak prestatuta uztea kritikatu du, haren iritziz, hurrengo gobernuari baitagokio 2016rako kontuak egitea.