Katalunia

Erreferendum Legea beste edozein arauren gainetik egotea hitzartu dute

Urriaren 1ean egitekoak dira Kataluniako estatu independenteaz galdetzeko erreferenduma. Galdeketari estaldura juridikoa emango dion lege proposamena aurkeztu dute Junts Pel Sik eta CUPek.  

Erreferendum Legearen aurkezpena. CUP
Jon O. Urain - Ane Zurutuza
2017ko uztailaren 4a
07:01
Entzun

"Bete beharreko autodeterminazio erreferenduma" arautzeko legea aurkeztu dute Kataluniako Legebiltzarrean. 30 artikulu pasa ditu lege proposamenak, eta hor jasotako hitzaurrea, artikuluen edukia eta xedapenak aletu dituzte. Besteak beste, legeak "subjektu politiko burujabetzat" jotzen du Katalunia, eta, erreferenduma gauzatzeko, "salbuespeneko araudi juridikoa" egingo dute.

Hierarkikoki, arau gatazka sor dezakeen beste edozein legeren gainetik egongo da Erreferendum Legea, Junts Pel Sik eta CUPek adostu dutenez. Araua garatzeko, beharrezkoak izango dira erreferendumera deitzeko dekretu bat, eta "arau osagarrien" beste bat; horrek arautuko ditu materialak, kanpainaran luzapena eta abar.

Halaber, Kataluniako Hauteskunde Batzorde bat osatuko dute. Hark izango du botoak zenbatzeko eta emaitzak argitaratzeko ardura, besteak beste. Kataluniako Parlamentuak proposatutako kideek osatuko dute, eta erakunde publiko guztiek izango dute betebeharra batzordeari laguntzeko. Haren esku utziko dute udalek hauteskundeetan erabili ohi dituzten hauteslekuak. Hala egiten ez badute, Generalitateak jarriko ditu hauteslekuak. Gainera, gobernuarena izango da errolda egiteko ardura, eta Hauteskunde Batzordeak ikuskatuko du.

Xedapen gehigarriaren arabera, legea bertan behera geratzen da emaitzen argitalpenarekin, erreferendumaren emaitzen inplementazioari dagokion atala kenduta. Azken horren arabera, Gabriela Serra CUPeko diputatuak azaldu du ez dela beharrezkoa izango gutxieneko parte hartzerik galdeketa ontzat jotzeko. Bertan, baiezkoak irabazten badu, Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazio bat egingo du segidan, bi eguneko epean, eta, ezezkoa nagusituz gero, hauteskundeetara deituko dute.

Ekitaldiaren hasieran, Jordi Turullek (Junts Pel Si) azaldu du 135 diputatuak zeudela gonbidatuak: "Aurrerantzean, denei entzun nahi diegu. Dokumentu hau ez da ukiezina". Benet Salellasek (CUP), berriz, "independentismo historikoa" izan du gogoan: "Lege formal bat da, botoa emateko eskubidea arautzeko".

Santi Vilak Baiget ordezkatu du

Gaur goizean hartu du Santi Vilak Enpresa eta Ezagutza kontseilari kargua, astelehenean Jordi Baiget kaleratua izan ondoren, erreferendumari buruz egin zituen adierazpenak direla eta. Kultura kontseilari kargua berriz, Lluís Puig Gordik, Herri Kulturako zuzendari nagusi izandakoak, hartuko du.

Kataluniako presidente Carles Puigdemontek hitzaldi labur batean adierazi duenez, "gaurkoa ez da egun ez alai, ez zoriontsua", eta "oso era berezian" eskertu dio Baigeti "instituzioari eta herriari emandako zerbitzua". Ondoren, haren "zintzotasuna" eta "leialtasuna" azpimarratu nahi izan ditu.

Astelehenean, Baigetek zalatzak azaldu zituen Kataluniako erreferendum subiranistaren inguruan. El Punt Avuik egindako elkarrizketa batean, honako adierazpen hauek egin zituen kontseilari ohiak: "Estatuak hainbesteko indarra du, non ziurrenik ez garen gai izango erreferenduma egiteko. Lege katalan bat onartuko da posible izateko? Noski baietz, baina momentu horretan bertan utziko dute bertan behera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.