Gure Esku Dago

Erreferenduma babesteko, mobilizaziora deitu du Gure Esku Dago-k

Manifestazioa antolatu dute Bilbon, irailaren 16rako. "Euskal herritarren babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen", antolatzaileen arabera. (Bideoa albistearen barruan).

Zihara Jainaga Larrinaga.
2017ko uztailaren 26a
07:14
Entzun

Bideoa: prentsaurrekoa (Andoni Mikelarena / Berria TB).

[youtube]https://youtu.be/FqBg9Un1L7s[/youtube]

Etorkizuneko estatus politikoa erabakitzeko erreferenduma egingo dute urriaren 1ean Katalunian. Gure Esku Dago-k babesa eman nahi dio ekinaldiari, eta mobilizazioa antolatu du horretarako: manifestazioa egingo du irailaren 16an, Bilbon. Gure Esku Dago-ko bozeramaileek adierazi dutenez, "demokrazian eta erabakitzeko eskubidearen defentsan" oinarritzen den mobilizazioa izango da: "Erreferendum hori Kataluniako herritarren borondate demokratikoaren ondorioa da".

Euskal herritarrek Kataluniarekiko duten sentsibilizazioa dela eta, manifestazio jendetsua espero dute antolatzaileek. "Herritarra, plurala eta bateratzailea" izango dela iragarri dute. Hortaz, erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiei biltzeko deia egin diete.

Azkenaldian Katalunian bizi dituzten presioak ere izan dituzte hizpide agerraldian:  “Euskal herritarren babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen”.

17:30ean hasiko da manifestazioa. Lekua oraindik zehazteke dute. Antolatzaileek jakinarazi dute xehetasun gehiago irailaren hasieran emango dituztela.

Udalbiltzaren papera

Udalbiltzak ere babesa eskaini dio Kataluniako erreferendumari eta "Euskal Herriko hauetsi guztiei" bertan nazioarteko behatzaile moduan parte hartzeko deia egin die.

Katalunia "bere etorkizuna marrazten ari den momentu politiko garrantzitsuan"  ekarpen zehatz hori egiteko deia egin die euskal hautetsiei. Udalbiltza harremanetan da AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin, bien arteko elkarlana koordinatzeko. Partzuergoak adierazi du Katalunian ahalik eta herrialde gehienetatik jaso nahi dituztela behatzaileak, "prozesuak behar dituen bermeak beteko direla ziurtatzeko". Bi erakundeen arteko elkarlana nolakoa izango den zehatu gabe dagoen arren, uztaila amaitu aurretik aurkeztu beharko dira hautetsiak, "elkarlana modu egokian gauza dadin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.