Hondakinak

Errefusa “gero eta mugatuago” emaitza hobeak izaten dira

Josu Amilibia Tolosako mankomunitateko lehendakariaren aburuz, gakoa errefusaren eta organikoaren kudeaketan dago.

Alegiako atez ateko sistema. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2015eko urriaren 2a
10:18
Entzun

Hondakinak biltzeko sistemaren eskumena, berez, udalena da; haiena da herritarrek sortzen dituzten hondakinak nola bildu behar diren erabakitzeko eskubidea. Baina bilketaren kudeaketa mankomunitateek egiten dute, eta Josu Amilibia Tolosako Mankomunitateko lehendakari eta Adunako alkateak (EH Bildu) uste du gaikako bilketan atzerapausoa litzatekeela atez ateko sistema kendu eta edukiontziengatik ordezkatzea.

"Datuek erakusten digute, Gipuzkoan bosgarren edukiontzia jarri duten tokietan, atez ateko sistemarekin baino birziklatze tasa txikiagoak lortzen dituztela. Orduan, aurreikus daiteke sistema aldatzen duten herrietan atez atekoarekin ematen diren tasak gutxitu egingo direla". Atzerapausoa, gainera, ez litzateke soilik kopuruetan emango. Frakzio bakoitzaren kalitatean ere antzemango litzatekeelako. "Organikoa edukiontzi handietan biltzen denean, normalki, purutasuna jaitsi egiten da".

Amilibiaren ustez, atez atekoa ez da sistema bakarra, badaude emaitza onak ematen dituzten bestelako sistemak ere. Tolosan, adibidez, ez da atez ate biltzen; txipa duten edukiontzi txikiak jarri dituzte, eta edukiontzi bakoitza familia kopuru mugatu batek erabil dezake. "Horrek ere emaitza onak eman ditu. %70-75 arteko tasak lortu dira, eta oso emaitza txukuna da hori".

Hala, sistema bera baino, garrantzitsuagoa sistema bakoitzak ematen dituen emaitzak direla uste du Amilibiak, eta hor badago errepikatzen den formula bat. "Esperientziak esaten diguna da errefusaren mugaketan dagoela gako garrantzitsuena, eta baita organikoaren mugaketan ere. Hala, biltzeko moduak baldintzatzen ditu emaitza orokorrak".

Errefusaren edukiontzia irekita dagoenean emaitzak eskasagoak izaten direla diote datuek. "Edukiontzia irekita dagoenez, jendeak nahi duena bota dezake, eta edukiontzi hori dena irensten duen zulo beltz handi bat bezalakoa da, edozer bota liteke, eta emaitzak asko okertzen dira, garai bateko tasetara hurbilduz".

Hortik aurrera, sistema gero eta "pertsonalizatuagoa" izan, datuak hobeak direla dio. "Errefusari gero eta oztopo gehiago jarri, gehiago birziklatzen da". Hala, bosgarren edukiontziari txipa edo giltza jarriz, emaitzak hobeak dira; Tolosan bezala, txipa jarri eta erabilera hainbat familiatara mugatzen bada, hobetu egiten da birziklatze tasa; eta, azkenik, bilketa atez ate egiten denean lortzen dira tasa onenak.

Bilketa sistema aldatzearen aldeko argudioetako bat ekonomikoa izan ohi da; atez atekoa garestia dela, alegia. Baina hori auzitan jartzen du Amilibiak. "Bilketa bera garestiagoa da, bai, baina tratamentua asko merkatzen da, eta, gainera, papera, kartoia eta ontzi arinak birziklatzeagatik jasotzen den diru kopurua ere murriztu egiten da edukiontziekin. Beraz, edukiontziekin bilketa merkatzen da, baina tratamendua garestitu; eta, gainera, guri interesatzen zaigun horretan, ingurumenari egiten zaion kaltean, galera handia da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.