Errefuxiatuak hartzeko herri eta hirien sare bat osatzea proposatu du Ada Colau Bartzelonako alkateak, eta ekimenak babes ugari jaso ditu; tartean, Euskal Herritik. Iruñeko alkate Joseba Asironek iragarri du Nafarroako hiriburuak parte hartuko duela ekimenean: "Proposamen horretara batzeko erabaki politikoa hartu dugu". Erabaki hori "argia eta irmoa" dela gaineratu du Asironek.
Beste hainbeste egingo du Eibarrek. Miguel de los Toyos alkateak Twitter bidez eman du errefuxiatuak hartzeko asmoaren berri: "Duela 80 urte, gure arbasoak hartu zituzten beste herrialde batzuetan. Gaur Eibarrek solidarioa izan nahi du, eta Siriako errefuxiatuei babesa eskaini".
Baliteke herri eta hiri gehiago sare horretara batzea. Goazenek eta Udalberrik proposatu dute Bilboko Udalak ere bat egitea; ildo horretan, Francisco Samir Lahdou Goazeneko bozeramaileak udal gobernuari eskatu dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala Siria, Yemen, Eritrea eta Libiako gerretatik ihesi doazen errefuxiatuak hartzeko. Goazenek uste du "herritarren presioa" erabilgarria izan daitekeela "gobernu batzuek ezarritako dinamika apurtzeko".
Gasteiz ere sare horren parte izatea proposatu du Irabazik. Ohar batean, koalizioak gogorarazi du asilo eskaera egiten dutenen "helburu bakarra bizirautea" dela, eta, beraz, uste du ezin dela jokatu "egoera besterena balitz bezala".