Errefuxiatuak kokatzeko programak ez ditu inolaz ere betetzen espero ziren helburuak. Iazko datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, hutsunearen erakusgarri. Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara 46 errefuxiatu iritsi dira kokatze programa horrekin, espero zen kopurua baino nabarmen txikiagoa. Jaurlaritzak azaldu du 307 leku prest daudela errefuxiatuentzat, eta iaz 570 pertsona pasatu zirela horietatik. Gehien-gehienak ez ziren kokatze programaren bidez iritsi, baizik eta beren kabuz.
Sisteman hutsunea dagoela ohartarazi du Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak. Alegia, “ezohiko egoera” bat dagoela errefuxiatuei dagokienez, baina erantzuna “ohiko sistemaren” araberakoa dela: Espainiako Gobernuak bideratzen duela programa, “goitik behera”. Hori aldatzea proposatu du Jaurlaritzak, eta bi proposamen jarri dizkio Madrili mahai gainean.
1. Indartze sistema. Lankidetza esparru bat sortzea proposatu du, Espainiako Gobernuaren, Jaurlaritzaren, aldundien, udalen eta gizarte taldeen artean. Jaurlaritza egoera aztertzen hasi da herri bakoitzean zenbat errefuxiatu har daitezkeen zehazteko. Orain urte eta erdi ere egin zuten zerrenda (mila bat leku aipatu zituzten), eta gaurkotu egingo dute. Irizpide hauek dira: zenbat etxe egoki dauden, gizarte zerbitzuak emateko aukera dagoen eta gaztelania ikasteko "berehalako baliabide bat" badagoen. Euskarari buruz galdetuta, Fernandezek esan du "epe erdira" espero dutela horretan hastea.
2. Giza korridoreak. “Esperientzia pilotu bat” egitea proposatu du Jaurlaritzak, Italiako Sant'Egidioko komunitatea adibide hartuta —han izan berri da Iñigo Urkullu lehendakaria—. Ahultasun egoeran dauden errefuxiatuei "bisa humanitario" bat ematen diete, eta “modu seguruan” eramaten dituzte beste herrialde batera.
Fernandezek esan du Espainiako Gobernuak harrera ona egin diela proposamenei, eta aztertzen ari dela. Hilabete barrurako espero dute herri bakoitzean har daitekeen errefuxiatu kopurua zehaztea.