HEZKUNTZA

Errefuxiatuen lekukotasunak eramango dituzte eskoletara

Hezkuntzarekin eta bizikidetzarekin lotutako proposamen gehiago aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Indarkeriaren biktimen testigantzekin jarraituko dute. “Eguneratu” egingo dituzte. Beste lekukotasun batzuk ere eraman nahi dituzte ikastetxeetara.

Jonan Fernandez eta Cristina Uriarte, gaurko prentsaurrekoan. IREKIA
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 29a
07:34
Entzun

Joan dira ikasturte batzuk eskoletan biktimen lekukotasunak jasotzen hasi zirela. Azken lau urteetan, adibidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10.000 ikasle inguruk jaso dituzte indarkeriaren biktimen lekukotasunak, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. 82 ikastetxetan izan dira biktimak. Proposamen hori oinarri hartuta, bizikidetzaren inguruko egitasmo gehiago aurkeztu ditu gobernuak.

Biktimen lekukotasunekin jarraitu egin nahi dute. “Eguneratu” egingo dute proiektua, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak azaldu duenez. Aurrez aurreko lekukotasunak eta grabatuak “konbinatu” egingo dituzte. Izan ere, ohartarazi dute lekukotasunak emateko mugak dauzkatela: biktimen zerrenda mugatua da, eta biktima bakoitzak ere mugak ditu lekukotasunak emateko.

Lekukotasunen egitasmoa beste esparru batzuetara zabaldu nahi dute. Zehazki, “besteengana hurbiltzea” lortu nahi dute horren bidez. Esate baterako, nahi dute errefuxiatuek eta “beste kultura eta erlijio batzuetakoek” lekukotasunak ematea eskoletan, beren bizipenak azaltzea. Horrekin, aurre egin nahi diete arrazakeriari eta horrelako jarrerei.

Proposamen berriei buruzko dokumentu bat osatu du Jaurlaritzak, eta hezkuntzako eragileekin bildu da gaur. Haien ekarpenak biltzeko epea zabaldu du. Biktimen lekukotasunak eskoletara eramateaz gain, baditu bestelako egitasmoak ere: adibidez, memoria historikoa lantzeko proposamen bat taxutzea, Memoriaren Egunaren bueltan eskoletan gaia lantzea, eta “bidaia hezigarriak” egitea Europako leku esanguratsuetara —kontzentrazio esparruak eta orain errefuxiatu asko hartzen ari diren lekuak jarri dituzte adibide—.

Proposamen irekiak direla azaldu dute, eta eskola bakoitzak erabakiko duela zer egin. "Haien autonomia errespetatuko dugu, ezer inposatu gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.