PPk egin du Juan Carlos Borboikoari, Sofia erregin ohiari eta Letizia erreginari lege babesa emateko proposamena, lege organikoan bi emendakin sartuta. Gaur Kongresuko Justizia Batzordean egin dute bozketa, baita onartu ere, PP, UPN eta Foro Asturiasen botoekin. PSOE eta CiU abstenitu egin dira, Izquierda Plural, UPD eta EAJk kontra bozkatu dute, eta Amaiurrek ez du parte hartu bozketan.
Emilio Olabarria EAJko diputatuaren arabera, Juan Carlos Borboikoa aforatzeko "prozedimendua zalantzazkoa" da, "oso azkar" egiten ari dira guztia eta horrek, "susmoak piztu" ditu.
Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak esan du ekinbidea "iruzurra" dela, errege ohiaren "negozioak eta ibilerak blindatu" nahi dituztelakoan.
Gaia orain Kongresura eta Senatura igorriko dute, eta haietako balekoa beharko da aurrera ateratzeko. Onartzen bada, Espainiako Auzitegi Gorenean soilik epaitu ahal izango dituzte haiek.
Joan den astetik da Espainiako errege ohia Juan Carlos I.a. Bere kabuz utzi du kargua, eta Felipe VI.a semeak hartu du lekukoa.