Klima aldaketa

Erregistraturiko hamarkadarik beroena izan da azkena Gipuzkoan

1970etik hona, tenperatura 1,2 gradu igo da lurraldean. Naturklimak klima aldaketarekiko kalteberatasunari buruzko txostena osatu du.

Azken hamar urteetatik seitan Gipuzkoan 1970etik erregistratu diren tenperatura altuenak jaso dira. SALAS / EFE
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 23a
18:33
Entzun

Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioak berotze globalak lurraldean eragingo dituen ondorioen berri emateko 2020ko txostena aurkeztu du gaur Donostiako Kursaal jauregian. Haren bitartez, adituek berretsi dute klima aldaketa dagoeneko bere aztarna uzten ari dela, eta hori islatzen da, besteak beste, azken hamarkadetan zehar tenperaturan izandako igoerarekin. Izan ere, 2010 eta 2020 arteko epea orain arte Gipuzkoan erregistraturiko beroena izan dela ohartarazi du Naturklimak, 1970etik hona batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo delarik. Gainera, hamar urte horietatik seitan inoizko batez besteko tenperatura altuenak jaso dituzte, eta adituek gehitu dute, mende amaierarako, termometroek hiru eta lau gradu bitarte egingo dutela gora.

Klima aldaketak Gipuzkoako natura ingurunean eta lurraldeko hamar sektore sozioekonomikotan dituen eraginak aztertzeko, Naturklimak nazioartean homologatutako 80 adierazle meteorologikori erreparatzen die urtero. Txostenean jasotako informazioarekin, etorkizuneko bilakaerak aurreikusi eta horietara egokitzeko aukera ematea da fundazioaren helburua, lurraldearen kalteberatasuna murrizten laguntzeko.

Aurkeztu berri duen 2020ko txostenarekin, beste ingurune batzuetan emandako bilakaera larriez ere ohartarazi du. Kostaldeko Itsas Behatokiak eskaini dizkion datuen arabera, 1980ko hamarkadatik aurrera Bizkaiko golkoko hego-ekialdean itsasoa 0,10 eta 0,25 gradu bitarte berotzen ari da hamarkadako, eta uraren tenperaturaren hazkunde hori nabarmenagoa izan da azaleran zein kostaldetik gertu.

Gainera, etorkizunera begira, itsas mailak orain arte baino azkarrago gora egiten jarraituko duela jasotzen da txostenean, mende amaierarako 40 et 70 zentimetro artean haziko dela eta, horren ondorioz, batez beste hondartzen azalera lehorraren %40 galduko dela nabarmenduz.

Berehalako ondorioak
Txostenak, halaber, uholdeen areagotzeari buruz, baso ekosistemen «mediterraneizatzeari» buruz eta tenperaturen gorabeherek herritarren osasunean eragin ditzaketen kalteei buruz hitz egiten du.

Hala, aurkezpen ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak gizarteak aurrez aurre dituen arazo hauen berehalakotasuna nabarmendu du: «Klima aldaketa hemen dago, eta haren ondorioei erabakitasunez heldu behar diegu gure ingurumena eta gure herritarren osasuna eta ongizatea arriskuan jarri nahi ez baditugu». Bestalde, arazoa ez larriagotze aldera, Gipuzkoak bere emisioak murrizteko beharra ere azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.