Espainiako Gobernua
• Barne Ministerioa. Sortu alderdi berriak Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan izena eman zuen otsailaren 9an. Ministerioak erregistrorako pausoak moztu egin zituen, eta Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari eman zizkien estatutuak, azter zitzaten.
Fiskaltza eta Estatuaren abokatua
• Inpugnatu edo ez. Erregistro eskaera Auzitegi Gorenean inpugnatu edo ez erabaki behar zuten. Biek erregistroaren kontrako eskaera aurkeztu zuten.
Auzitegi Gorena
• Tramitazioa. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak igorritako inpugnazioak jaso ondoren, alegazioak aurkezteko epea ireki zuen Gorenak. Sortuk martxoaren 15ean aurkeztu zituen.
• Auzi saioa. Alde guztiek argudioak azal ditzaten auzi saioa hasi zuen Gorenak atzo. Gaur ere ari dira.
• Erabakia. Auzi saioa egin eta egun gutxira iritsiko litzateke Gorenaren erabakia. Hauteskunde deialdia baino lehen erabakitzeko denbora dago. Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru bozak.
Hauteskunde epeak
• Alderdien parte hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak aurten maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berriak hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko du.
• Zerrendak. Deialdia egin eta hamabosgarren egunetik 21. egunera bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.