Behin 2011ko aurrekontuak onartuta, horiei atxikita doazen zerga neurriak onartu zituzten atzo Parlamentuan NaBaik ez beste alderdi guztiek. Alabaina, Nafarroako Gobernuak proposatutako zerga neurri horiez gain, zuzenketa partzial bat aurkeztu zuten Nafarroa Baik, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak. Urtean 88.000 eurotik gorako diru sarrerak aitortzen dituztenei errentaren gaineko zerga tasa %42tik %43ra igoko zaie, eta 125.000 eurotik gorakoei, berriz, %44ra. UPNk aurkako botoa eman zuen, eta bakarrik geratu zen bozketan.
Horregatik, Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak ez zuen gustuko izan oposizioak egindako mugimendu hori, eta osoko bilkuran mehatxatu zuen gobernuak proposatutako zerga neurri guztiak atzera bota zitzakeela. «Hala ere, ez dugu egingo, 2011ko zerga aitorpenean 420.000 zergadun nafarrei kalte egingo geniekeelako». Neurri horien artean daude errenta zergaren deflaktazioa, kaleratu izan den langile bat berriro lanean hasiz gero errenta zergatik at geratzea edo etxebizitza erosi edo berritzeagatiko zerga kenkariak...
1.500 nafar, «zigortuta»
Parlamentutik at, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak salatu zuen errenta handieneko 1.500 nafarrak «zigortzea keinu huts bat» baino ez dela, zerga igoera horrekin 2,5 milioi euro inguru bilduko direlako: «Ez dira, gainera, aberatsenak, Nafarroan soldata handienak dituztenak baizik. Batik bat enpresa handietako zuzendariak dira, erantzukizun handia duen jendea, enpresek funtzionatzen jarraitzeko borroka egiten duten pertsonak».
Nahiz eta bezperan gastu publikoa 220 milioi euro murrizten duten aurrekontuak onartu, PSNko Roberto Jimenezek aukera baliatu zuen politikoki UPNtik bereizteko. Haren ustez, «bidezkoa da gehien dutenei esfortzu gehigarri bat eskatzea zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko». Negoziazioan UPNri atal horretan amore ez ematea leporatu zion. «Gurea ez da garaipen politikoa, neurri hori gizartearentzat hoberena delako».
«Beste zerga politika bat»
NaBaik zuzenketaren alde egin arren, zerga neurrien aurka bozkatu zuen. Patxi Zabaletak gogora ekarri du datorren urtean 4.188 milioi euroko gastu publikoa eta 3.700 milioi euroko diru sarrerak espero direla, eta, horregatik, «beste zerga politika bat» eskatu zuen. Haren ustez, UPNren irizpideak alboratu behar dira, eta joera orokorra izan behar du zuzeneko zergak handitzea, «eta ez zeharkakoak». Zabaletak gaineratu zuen Nafarroako eskumenak kontuan hartuz, badagoela marjina Estatuko zerga politikatik aldentzeko.
UPNren erreakzioa ikusita, «jauntxokeriaz» jokatzea egotzi zion Zabaletak: «Sanzek mehatxatu egin du zerga neurrien gaineko proposamena kendu dezakeela. Dimisioa ere aurkeztu dezake eta beste hainbat gauza egin ditzake». Hala ere, haren ustez, herenegun Nafarroako aurrekontuak aurrera ateratzearen «errua ez da UPNrena», PSNrena baizik: «Lardaskeria galanta egin duzue zuek, lau urtez [UPNko] horiei babesa eman diezuelako», esan zuen, eta hala PSNko nola UPNko eserlekuetan protesta oihuak eragin.
NEBeko Ion Errok defenditu zuen errenta handiei zerga igotzea ez dela «basakeria», neurri logikoa baizik. Pozik azaldu zen legealdian lehen aldiz politika egiteko aukera egon delako. Errenta handiei zerga igotzeak esan nahi du urtean 130.000 euroko errenta duenak, adibidez, 413 euro gehiago ordaindu beharko dizkiola Ogasunari: «Nahiko lukete nafar denek 413 euro gehiago ordaindu baina urtean 130.000 euro irabazteko aukera balute».
Jose Andres Burguetek protesta egin zuen CDN zuzenketaren negoziaziotik kanpo utzi dutelako PSNk, NEBek eta NaBaik. Hala ere, hala zuzenketa nola zerga neurrien alde bozkatu zuen.
Errenta handiei zerga igotzea onartu dute PSNk, NEBek eta NaBaik
88.000 eurotik gorako errentei %42tik %43ra igoko zaie zerga tasa, eta 125.000 eurotik gorakoei %44raino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu