Euskal presoak

Errenteriako Udaleko alderdi denak, Gogorza eta Arrieta etxeratzearen alde

Lehen aldia da PSE-EEk gisa honetako egitasmo bat onartzen duena Errenterian (Gipuzkoa).

Errenteriako zinegotziak, bozketaren unean. ERRENTERIAKO HITZA
jokin sagarzazu
2018ko martxoaren 23a
15:30
Entzun

Errenteraiako Udaleko (Gipuzkoa) alderdi guztiek babestu dute Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta larri gaixo dauden presoei buruz Sare plataformak aurkeztu duen mozioa. Testu horren bidez eskatu dute indargabetzeko preso horien baldintzapeko askatasuna oztopatzen dituzten arauak eta irizpideak.

Lehen aldia da Errenteriako PSE-EEk gisa honetako egtasmo bat babesten duena. EH Bilduk (6 zinegotzi), PSE-EEk (8), Errenteria Irabaziz (4) eta EAJk (3) osatzen dute udalbatza. EH Bilduko Julen Mendoza da alkatea.

Hona hemen mozioa, hitzez hitz:.

"Udalbatzarrak eskumena duten agintariei eskatzen die aintzat har ditzatela indarrean dagoen Estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak, halako moldez non gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatu eta espetxetik atera ahal izango dituzten, arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalarengatik.

Udalbatzarrak Gobernu zentralari eta, bereziki, Espetxe Erakundeei eskatzen die zaindu dezatela errespetatzen dela espetxeratu guztiek bizitzeko, osotasunerako eta osasunerako duten eskubidea, uste baitu botere publikoek sentsibilitate berezia erakutsi behar dutela espetxe politika zuzendu behar duten printzipioak eta, zehazki, Espetxe Erregelamenduaren 104.4 artikulua aplikatzean.

Hori dela eta, udalbatzak eskatzen du indargabetu dezatela Espetxe Erakundeen idazkaritza Nagusiaren 3/2017 instrukzioa eta zuzendu dezatela Barne ministroak adierazitako irizpidea, zeinaren arabera gaixo dagoen preso bati bi hilabeteko epean hiltzeko berehalako arriskua duenean bakarrik emango zaion baldintzapeko askatasuna, irizpide horrek urratzen baititu bai legalitatea eta humanitate-oinarrizko printzipioak bai halako erabakia ustez hartu beharko lukeen pertsonal medikoaren printzipio deontologikoak.

Udalbatzarrak Gobernu zentralari beste behin ere eskatzen dio euskal erakundeekin partekatu eta adostu dezala espetxe politikaren orientazioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.