Errepide erabiltzaileei «txartel sozial bat» jartzea aztertzen ari da Gipuzkoa

Errepideen finantzaketak «berdintasuna» bultzatu behar duela uste du foru aldundiak

Hiruk antolatuta, garraiolariek bidesariaren aurka iaz Etxegaraten egin zuten protesta. JAUN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Errepideak ezin dira erakundeen aurrekontuen bidez bakarrik finantzatu, eta erabiltzaileek ere ordaindu egin behar dute. Ideia hori nabarmendu du Gipuzkoako Foru AldundikoMugikortasunerako eta Bide Azpiegituretarako diputatu Larraitz Ugartek, Debagoieneko alkateekin gaiazaritzeko egindako bileraren ostean.

Ugartek ohartarazi du Aldundiak eta Bidegik 20 urterako zorpetzea dutela errepideengatik, eta egoera horrenardura aurreko diputazioetako agintariek dutela. Edonola ere, gogoratu du errepideak ezin dituztela gipuzkoarrekbakarrik ordaindu, eta gipuzkoar batzuek eta besteek ordaintzen dutenaren artean oreka bat bilatu behar dela.

Aldi berean, gogoratu du errepideen artapenaren kostua ezin dela garraiolarien gain bakarrik utzi.

Baldintza horiek aintzat hartuta, aukera guztiak ari dira aztertzen. Egun batzorde txostengile bat lanean ari da herrialdeko batzar nagusietan. «Aukera guztien artean gipuzkoar erabiltzaileei txartel sozial bat ezartzea dago, herritarren arteko berdintasuna lortzeko urrats bat litzatekeen heinean».

Txartel horren bidez herritar guztiek berdin ordainduko luketela argudiatu du aldundiak, eta bidesariak erabili beste aukerarik ez duten erabiltzaileek «deskontu handiak» izango lituzkete, «gaur egun baino handiagoak».

Gainera, aldundiaren iritziz, horrelako txartelek mugatuko lukete auto pribatuaren erabilera. Txartelaren prezioa hainbat irizpideren arabera ezarriko litzateke: ibilgailuaren potentzia, erabiltzailearen errenta...

Txartelak deskontuak emango lizkieke gipuzkoarrei, eta beste bide batzuk bilatu beharko lirateke kanpoko erabiltzaileek ordaintzeko.

Aste honetan batzar nagusietako batzorde txostengilean Itziar Miner Finantza eta Zerga Politikako zuzendariak planteatu du N-1 errepidean, Etxegaraten, bidesaria jartzeko aukera. «Gogoeta moduan» aipatu zuen hori Minerrek, aldundiak zehaztu duenez, «ez erabaki moduan». Izan ere, hainbat aukera «lasai» aztertu nahi ditu Bilduren foru gobernuak, gaian zeresana duten eragile eta herritarrekin; besteak beste, garraiolariekin.

EAJ eta Hiruren kritika

Bestalde,Hiruk eta EAJk kritikatu dituzte Bilduren gobernuaren jarrera eta asmoak. Garraiolarien sindikatuak gogorarazi dio Bilduri bidesari berriak jartzeko asmoa ez datorrela bat orain arte jendaurrean azaldu izan duen jarrerarekin. «Ez dugu ulertzenN-1ean bidesaria jartzeko Bilduk orain erabiltzen dituen argudioak EAJk eta PSEk duela bi urte Etxegarateko bidesaria defendatzeko erabili zituzten berak izatea». Salatu dute batzar nagusietan osatutako batzorde txostengilea «denbora-pasa» bat izan dela.

Hiruk ohartarazi du N-1ek ez dituela Europaz gaindiko errepidea izateko baldintzak betetzen, «arriskutsua, eskasa eta kolapsatuta» dagoelako. Garraiolarien ustez, errepideak guztionak dira eta guztiok ordaindu behar dituzte, «zerga sistema zuzenaren bitartez».

EAJk ere ez du gustuko aldundiaren proposamena, beste zerga bat ezartzea, alegia. «Gipuzkoarrok gehiago ordainduko dugu, eta, bitartean, atzerriko 10.000 kamioik lurraldea zeharkatuko dute egunero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.