ERREPIDE ISTRIPUAK. URTE ERDIKO BALANTZEA. 55 lagun hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan urte erdian, iaz adina

2008ko lehen sei hilabeteetan baino lagun gutxiago hil dira aurten Araba eta Nafarroan; Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, gehiago

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Eten da azken urteetako joera. Urtez urte gutxitzen ari zen errepide istripuetan hildakoen kopurua, baina aurtengo lehen sei hilabeteetan iazkoetan adina pertsona hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan: 55. Iazko lehen urte erdiarekin alderatuta, lagun gutxiago hil dira Arabako eta Nafarroako errepideetan; Bizkaikoetan eta Gipuzkoakoetan, ordea, gehiago.

Iaz beste pertsona hil diren arren, orain urte batzuk baino gutxiago hil dira ekaina bitarte errepide istripuan. 2005eko lehen sei hilabeteetan, esaterako, 88 lagun hil ziren Hego Euskal Herriko errepideetan; 2003an, berriz, 110. Harrezkero, urtero egin du behera hildakoen kopuruak -2005ean izan ezik; 2004an baino bi lagun gehiago hil ziren lehen sei hilabeteetan-. Ordea, 2007tik mantsotzen ari da beheranzko joera; aurten, ez da aldaketarik izan aurreko urtearen aldean. Hala ere, 2003tik erdira jaitsi da urte erdian errepidean hildakoen kopurua Hego Euskal Herrian.

Nafarroan jaitsi da gehien hildakoen kopurua aurten; lehen sei hilabeteetan, iazkoetan baino hiru lagun gutxiago: 20. Urtez urte erreparatuta, beherakada ikusgarria da. 2004an, 41 lagun hil ziren urte erdian. Hortaz, erdia baino gehiago egin du behera errepideetako heriotza kopuruak. Nafarroako errepideetan badira kasu deigarri batzuk; N-121-A errepidearena bereziki. 2005eko lehen sei hilabeteetan zazpi lagun hil ziren bide horretan; aurten, berriz, bakarra. Kontuan izatekoa da berrikuntza lan handiak egin dituztela azken urteetan errepide horretan, eta oraindik ere horretan dihardutela. Istripu gehienak A-15 eta AP-15 autobideetan -errepide bera da; zati batean bidesaria du eta bestean ez- eta NA-132an izan dira. Bide horietan hil dira Nafarroan hildakoen erdiak pasatxo.

Araban, bost pertsona hil dira aurten, iaz baino bi gutxiago. N-1 eta A-625 errepideak dira hildako gehien izaten dutenak herrialde hartan. Iragan urtean, esaterako, Araban hildakoen erdiak errepide horretan izan ziren.

Gipuzkoan eta Bizkaian iaz baino pertsona gehiago hil dira errepide istripuz lehen urte erdian. Gipuzkoan, 16; iaz baino bat gehiago. N-1, A-8 eta N-634 errepideetan izaten da heriotza gehien. Hildakoen kopurua igo egin da Bizkaian ere, lehengo urtean bezala. 14 lagun hil dira aurten, iaz baino lau gehiago. Bizkaian, AP-68 eta N-634 errepideetan izaten dira hildako gehienak.

Iaz baino hildako gehiago izan arren, orain urte batzuetakoak baino dezente gutxiago dira. Urte erdiko datuak kontuan hartuta, Bizkaian %62 jaitsi da 2003tik hildako kopurua -37 pertsona hil ziren ekaina bitarte urte hartan-. Orduan hasi zuen Jaurlaritzak bide segutasunerako plana.

Datu horiek guztiak urteko lehen sei hilabeteetakoak dira, eta azken balantzea egiteko urte bukaerara arte itxaron beharra dago. Iaz, esaterako, udako hilabeteetan izugarri igo zen hildakoen kopurua Nafarroan. Urte hasieran eta amaieran, batez beste, bi pertsona hil ziren hilabeteko; maiatzetik abuztura bitartean, berriz, hileko zazpi lagun hil ziren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere udako hilabeteetan zerbait igo zen hildakoen kopurua.

Europaren helburuak, beteta

Urte osoko datuak kontuan izanik, Araba ez beste herrialde guztiek dagoeneko betea dute errepide istripuetan hildakoen inguruan Europako Batasunak jarritako helburua: 2000. urtean izandako hildako kopurua erdira jaistea 2010erako. 2008ko urte amaierako datuak oinarri hartuta, %62 jaitsi da hildako kopurua Hego Euskal Herrian -282 pertsona hil ziren 2000n; 2008an, 107-. Jaitsiera handiena Bizkaian izan da (%72). Haren atzetik daude Nafarroa (%68), Gipuzkoa (%53) eta Araba (%40).

Nafarroako Gobernua gustura dago, iragan urteko datuekin alderatuta hiru lagun gutxiago hil direlako herrialdean. Trafiko arduradunek diote elkarlanaren ondorio direla datuak. «Gidariei, hezkuntza arduradunei eta Administrazioari esker lortu dugu mugarria». Sanzen gobernuak dio azken urteetan asko hobetu direla errepideak, eta lege aldaketek ere eragina izan dutela.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko arduradunek diote azken urteetako bilakaeran erreparatu beharra dagoela, eta ez azken urtean soilik -EAEko datuak kontuan izanik, iaz baino hiru pertsona gehiago hil dira-. Amparo Lopezek, Trafiko zuzendariak, onartu du errepideko heriotzen jaitsieran «geldialdia» izan dela. «Muga batzuetatik jaistea oso zaila da».



Iparraldean lau pertsona gutxienez hil dira aurten

Frantziako Gobernuak neurri gogorragoak onartu ditu azkarregi edo drogen eraginpean doazen gidarien aurka
G. G.

Urtea hasi zenetik, gutxienez lau pertsona hil dira Ipar Euskal Herriko errepideetan istripua izanda. Ekainaren 4an, 38 urteko baionar bat aurkitu zuten, Itsasu (Lapurdi) eta Bidarrai (Nafarroa Beherea) artean, haren autoa atzeman eta hiru astera. Autoarekin istripua izan, Errobi ibaira erori eta itota hil zen gizona. Ekainaren 17an, ama-alaba batzuk hil ziren Urketan (Lapurdi). Zihoazen autoa Errobi ibaira erori zen, eta ito egin ziren 43 urteko ama eta zortzi urteko alaba. Uztailaren 9an, 19 urteko emakume bat hil zen, Baionan. Haren autoak eta beste batek elkar jo zuten. Harekin zihoan mutila larri zauritu zen.

Espainiako Gobernuak bezala, azken urtean Frantziako Gobernuak ere gogortu egin ditu errepideko arauak. Michelle Alliot-Mariek dio «barne segurtasuna indartzeko» onartu dituztela neurriak. Haien bidez, behar baino abiadura handiagoan edota alkoholaren edo bestelako drogaren baten eraginpean gidatzen dutenen aurka gogor egin nahi du Frantziako Gobernuak. Gidabaimeneko puntuak salerosten aritzen direnen aurka ere joko dute. Kasu muturrekoenetan, Poliziak eskubidea izango du delitua egin dutenen autoak konfiskatzeko.





Hildakoak izatea beti albiste txarra den arren, gidarien elkarteek diote gustura egoteko moduko datuak direla, orain arteko jaitsierari eustea lortu delako.

«Utopia zen hona iristea»

G. Goikoetxea.

Azken urteetako joera eten den arren datuak baikorrak direla uste dute gidarien elkarteek. Hildakoez hitz egitea beti da albiste txarra, baina, orain urte gutxiko datuekin alderatuta, pozik egoteko modukoa da datua. «Orain urte batzuk utopia zirudien zenbaki hauetara iristea. Baina lauzpabost urtean lortu dugu», adierazi du Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko (RACVN) lehendakariorde Luis Murgiak.

Jaitsiera ikusgarri hori, ordea, moteldu egin da azken urteetan. Pertika jauzilarien errekor saioak eta jaitsieraren geldialdia alderatu ditu Murgiak. «Hasieran, oso erraza da zentimetro asko hobetzea. Baina zenbat eta gorago, orduan eta zailago. Eta munduko errekorraren parean zaudenean, oso zaila da zentimetro bat bera ere hobetzea». Stop Accidentes elkarteko kide Juan Mari Lersundik ere uste du ez dela erraza errepide istripuz hil direnen kopurua gehiago jaistea.

Nahiz jaitsi ez, zenbakiari eustea garrantzizko jo dute biek. «Errekorraren inguruan gaude, eta hor mantentzea ere nahiko zaila da. Orain dela urte gutxi oraingo jende kopuru bikoitza hil zen», adierazi du Murgiak.

Azken urteetan hartutako neurriek gidarien jarreran eragina izan dutela uste du RACVNko kideak. «Tristea da, baina hildakoen kopurua jaisten hasten da makilaz jotzen gaituztenean. Orduan erreakzionatzen dugu». Hegoaldean puntukako gidabaimena ezartzeak izandako eragina nabarmendu du Lersundik. «Lehen, isuna hartu eta hor geratzen zen gauza, eta inork ez zuen kontuan hartzen. Orain, ordea, isuna ordaindu eta gero puntuak kentzen dituzte, eta ikastaroak egin beharra dago. Jendea beldur da».

Neurriek izandako eragina nabarmendu bai, baina Espainiako Gobernuak jarri asmo dituen zenbaitekin ez dago ados Murgia. Besteak beste, datorren udaberrian abiadura muga gehiago zorroztuko dute. Orain, ezarritakoa baino hamar kilometro orduko gehiagoko abiaduran joan daiteke; legea aldatutakoan, ordea, adierazitakoa izango da muga zehatza. «Zentzugabea dela uste dut. Azkenean, kilometro kontagailuari begira joango dira gidariak une oro, eta ez errepideari».

Aurtengo datuak baikorrak direla iritzi arren, zer hobetua badagoela uste dute Murgiak eta Lersundik. Azkenaldian oinezkoek eta motozaleek istripu gehiago izan dituztela eta, kezkaturik dago Murgia. Lersundik, berriz, esan du hezkuntzaren alorrean sakondu beharra dagoela.

Hobetzearen alorrean, alkoholaren eraginpean gidatzen dutenen gaia biek atera dute. Lersundik dio «errepidetik kendu» egin behar direla gidari horiek. Murgiaren ustez, gazteek onartu dute ezin dela edanda gidatu, eta neurriak hartzen dituzte hori saihesteko. «Zaharragoek, ordea, nekezago egiten dute».





1.952

EAEn maiatza bitarte alkohol tasa gaindituta atzemandakoak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan 1.952 gidarik eman dute positibo alkohol proban maiatza bitarte. Beste 86 gidarik, berriz, uko egin diote proba egiteari. Guztira, 36.101 proba egin dituzte.





Krisiaren eraginez, ibilgailu kopurua jaitsi da errepideetan

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, errepideetan gero eta ibilgailu gutxiago dabil. Gipuzkoan, esaterako, egunean orain arte baino 500 ibilgailu gutxiago ibili ziren iaz; guztira, 26.700 auto gutxiago. Hala ere, milaka dira oraindik Gipuzkoan ibiltzen diren ibilgailuak. Donostiako saihesbidean, 87.000 egunean.





3

Puntukako gidabaimenaren urteak Hegoaldean. Puntukako gidabaimena 2006ko uztailaren lehenean jarri zuten martxan Hego Euskal Herrian. Harrezkero, asko egin du behera errepidean hildakoen kopuruak. Iparraldean, 1992az geroztik dute puntukako gidabaimena.





Istripua izan eta 24 ordu baino gehiagora hilak, zenbatu gabe

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuetan ageri diren hildakoak istripua izan eta berehala edo 24 orduren barruan hildakoenak dira. Istripuan zauritu eta egun batzuetara hiltzen direnak zauritu gisa azaltzen dira erakundeen datuetan. Lau urtean behin egiten dute zuzenketa.





4

Uztailean istripuz Nafarroan hildakoak. Urteko lehen sei hilabeteetakoak ez ezik, uztailean hildakoak ere zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Denera, lau lagun hil dira, Burgin, Arroitzen, Labion eta Puiun. Iragan urtean, zortzi pertsona hil ziren uztailean errepide istripuz.





Azpeitiko emakume bat hil da Azkoitian, errepide istripuan

Autoarekin kamioi bat jo, eta 35 urteko azpeitiar bat hil zen atzo, Azkoitian (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, Olasoko bidegurutzean izan zen ezbeharra. Andrea autoan harrapatuta geratu zen, eta atera zutenerako hila zen. Martzillan (Nafarroa), beste andre bat larri zauritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.