Arazotsua izan da goiza, baina egunak aurrera egin ahala, bere onera itzultzen joan da errepideetako egoera. Lapurdin, esaterako, goiz partean arazo franko izan dituzte Baiona inguruan. Goizeko bederatziak inguruan elur zaparrada handia bota du, eta zail bihurtu da hiriburuan zein inguruko hiri eta herrietako errepideetan ibiltzea. Hala, Baiona, Angelu eta Miarritze batzen dituzten autobusak geldituta egon dira; inguruko zenbait herritatik Baionara iristea ezinezkoa zen, eta katramila handiak sortu dira A-63 (Baiona-Bordele) eta A-64 (Baiona-Paue) autobietako loturetan. A-63an trafikoa oso motel ibili da goizean Hendaiatik Baionarako tarte guztian.
Errepide sare nagusiarekin jarraituz, Gipuzkoa eta Nafarroa batzeko bide nagusia den A-15 autobia etenda egon da pare bat orduz noranzko bietan. Halaber, bi probintzia horiek Etxegarateko mendatean barrena lotzen dituen N-1 errepidea ere itzita egon da noranzko bietan denbora epe batez. Barazarko mendatea ere bai Bizkaian. Bigarren mailako errepide sarean, berriz, asko dira goizean zehar itxita egon diren mendateak.
Baina arestian aipatu bezala, egunak aurrera egin ahala, hobera egin du errepideetako egoerak. Arratsaldeko lauetan sare nagusia zabalik zegoen, Nafarroa Garaia eta Beherea Alduden barrena batzen dituen Urkiagako mendatea salbu. Bigarren mailakoan honakoak ziren itxita zeuden mendateak: Artesiaga (Nafarroa), Egozkue (Nafarroa), Aralarko San Migel (Nafarroa), Urkiola (Bizkaia), Opakua (Araba) eta Lizarrusti (Gipuzkoa).
Baina trafikoan ez ezik, beste arlo batzutan ere oztopoak sortu ditu elur ekaitzak. Esaterako, Iberdrolaren 4.000 bezero argindarrik gabe izan dira goizean zehar Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Arratsaldeko lehen orduan argindarrik gabe jarraitzen zutenak mila bat bezero zirela agertu dute Iberdrolatik, eta batik bat, Gipuzkoan zituztela arazoak. Hain zuzen ere, Tolosaldean 750 bat bezero zeuden zerbitzurik gabe.
Biharko iragarpenari dagokionez, tenperaturak asko jaistea espero dute metereologoek. Hala, goizaldean termometroak zero azpitik asko jaistea espero dute, eta gehieneko tenperaturak 0-5 gradu artekoak izatea. Elur eta haize denboraleak atseden hartuko du, baina izotz handia egingo da bazterretan, eta horrek sortuko du arriskua errepideetan.
Nolanahi ere, errepideei buruzko unean uneko informazio zehatza jasotzeko honako zerbitzuak erabil daitezke 900400100 telefonoa eta webgune hau Nafarroan. 902112088 telefonoa eta webgune hau Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 0826022022 telefonoa Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Elur ekaitza
Errepide sare nagusia zabalik dago
Egunak aurrera egin ahala, oro har, hobera egin du errepideetako egoerak. Datozen orduetan hoztu egingo duela, eta izotz arriskua sortuko dela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu