Aurizberri izanen da, Martinezen arabera, kalte gehien jasanen duen herrietako bat, eta ondorioen beldur da. «Bitan zatituko du errepide berriak. Gauzak ongi eginez gero, baliteke autobideak gauza onak ekartzea ingurura; baina esperientziak erraten digu halakoak ez direla ongi egiten».Salatu du, halaber, Nafarroako Gobernuko kideen jarrera: «Kontseilari batek erran zidan niri behin, autobidea dela errepidea konpontzeko eta hobetzeko bide bakarra; autobiderik gabe ez dela hobekuntzarik izanen. Eta hori ezin da onartu. Halako proiektuak adostu egin behar dira».
Pascual Lajusticia (Erro)
«Bide zehatza jakin gabe zaila da alde edo kontra agertzea»
Pascual Lajusticiak ostatua du Erron. Argi du egungo errepidea hobetu beharra dagoela. «Elurrak kalte handia egin dio errepideari; hainbat tokitan behera egiten ari da». Baina ez du argi, ordea, konponbidea autobidea egitea izanen denik. «Okerrena da bide berria zehazki nondik igaroko den ez dakigula. Eta hori jakin gabe, zaila da alde edo kontra agertzea. Ostatuari on eginen lioke autobideak, baldin eta gertu irteera bat izanen balu. Baina hala ez bada? Irurtzun eta Andoain lotzen dituen autobideak hainbat herri utzi ditu bakartuta».
Errepide berriak ingurumenean izanen lukeen eraginak kezkatzen du, halaber, Lajusticia, baina obrak behar direla uste du. «Iruñea eta gure arteko loturak hobetzea nahi dugu guk; baina ez dut uste autobidea behar dugunik. Autobidea egiteko adina trafikorik ez dago hemen. Azaroan eta abenduan hemendik ez da inor pasatzen. Hau, finean, mendialdea da», azpimarratu du Erroko ostatuko nagusiak.
Erron eta inguruko herrietan «oso jende gutxi» bizi dela azpimarratu du Lajusticiak, halaber, eta egoera horrek baduela zerikusirik egungo komunikazio arazoekin.
Maria Ines Barrenetxe (Luzaide)
«Orain lasaitasuna dugu, baina herritarrak alde egiten ari dira»
Maria Ines Barrenetxe luzaidarrak Nafarroa eta Nafarroa Beherea arteko autobidea egiteko proiektuaren aldeko iritzia du, eta herrian jende asko iritzi berekoa dela uste du. Barrenetxeren ustez, herriaren beraren biziraupena dago jokoan.
«Bakartuta gaude hemen. Egun, herriko jende askok Iruñean egiten du lan, eta han gelditzen da, ez baita batere bide ona hiriburutik honainokoa. Bide hori konpontzeak eta autobidea egiteak, akaso, herrira ekarriko luke berriro jendea». Hori gertatzen ez bada herria laster «hil» eginen dela uste du Barrenetxek. «Laster agureak besterik ez dira geldituko, gazterik bakar bat ere ez».Herriaren alde, autobidea ontzat jo du, ondorioz, Luzaideko herritarrak. «Kamioien trafikoak gora eginen ote duen? Jendea beldur da, eta, segur aski, hala izanen da, kamioi gehiago izanen dugu. Hala eta guztiz ere, onurak kalteak baino gehiago izanen direla uste dut. Lasaitasuna galduko dugu, bai, baina trukean herri biziagoa lor dezakegu. Orain lasaitasuna badugu, bai, nahi adina, baina herritarrak alde egiten ari dira», gaineratu du Barrenetxek.