Euskal Herriko zenbait interesgune seinalizatzen dituzten panelak jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide sareko bederatzi tokitan, Udalbiltzak eginiko akordio baten ondorioz. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, seinale horiengatik haserrea adierazi zion Gipuzkoako Diputazioari iazko azaroaren 26an, argudiatuz "Nafarroako erakundeekiko errespetu falta larria" zela.
"Nafarroarekiko probokaziotzat" jo zituen kartelak Yolanda Barcina buru duen gobernuak. Gipuzkoako Diputazioak eskariari entzungor egin ziolakoan, auzitara jo zuen Nafarroako Gobernuak.
Auzitegiko Administrazio Auzietarako Aretoak, kautelazko neurri gisa, diputazioari agindu dio panel horiek kendu edo Nafarroako ikurra estal dezala. "Alboko erkidegoaren ikurra" A-15 errepideko seinaleetan jartzea okerra izan zela adierazi du auzitegiak, Nafarroako hainbat leku "Euskal Herria-Basque Country lelopean" jartzeagatik.
Autoan, auzitegiak dio Nafarroako Gobernuak proposatutako edozein modutara bete dezakeela agindua Gipuzkoako Foru Aldundiak —ezabatzea, estaltzea...—, "beti ere auzian gatazka eragiten duten elementuak behin-behinean estaltzea bermatzen bada".